Zazpi ikastaro eta beste hainbat egitasmo izango dira Emakumeen Txokoan ekaina bitartean

Uztarria.eus 2018ko urt. 31a, 13:59

Hausnarketa eta ekonomia feministaren gaineko bi ikastaro, antzerki tailerra eta autoestimua lantzekoa, sabel dantza, zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa eta Emakume Pilotari egitasmoa daude eskaintza berrian. Udaleko Parekitasun sailean eman behar da ikastaroetarako izena. Ikasturte amaierako jaialdian, berriz, Greban gaude antzezlana azken aldiz taularutako dute Sanagustinen.

Egitarau bete-betea prestatu dute Emakumeen Txokoan datozen hilabeteetarako. Otsailetik ekaina bitartean, emakumeentzako Jabetza Eskolen barruan zazpi ikastaro eta beste hainbat egitasmo eskainiko dituzte Udalak eta Emakumeen Mahaiak, eta horietan izena emateko epea ere ireki dute. Udaleko Parekidetasun sailean eman behar da izena (943-15 79 28 telefonoa; e-posta helbidea: parekidetasuna@azpeitia.eus).

Ikastaroak eta tailerrak

Hausnarketa feminista ikastaroa

Azpeitiko berdintasun estrategiak berrikusteko eta egokitzeko formazioa eta hausnarketa 
feminista sustatzeko saioak eskainiko dituzte Emagin elkarteko kideek otsailaren 6tik apirilaren 10era; astearteetan izango dira saioak, hamabostean behin, 17:00etatik 19:00etara. Prezioa: 15 euro (10 euro langabetuentzat eta ikasleentzat).

Antzerki tailerra

Bi urteko geldialdiaren ostean itzuliko da antzerki eskaintza Emakumeen Txokora. Alaitz Olaizola izango da gidaria eta "momentuz jendaurreko lanik ez" dutela prestatuko aurreratu du. Otsailaren 6tik maiatzaren 29a arte, astearteetan egingo dituzte bi orduko saioak, 18:00etatik 20:00etara. Prezioa: 42 euro (28 euro langabetuentzat eta ikasleentzat).

Ekonomia feminista ikastaroa

Generoak duen dimentsio sozioekonomikoan sakontzea izango da ikastaroaren helburua. Saioa Zerain izango da zortzi orduko ikastaro honetan irakasle. Bi egunetan emango dute, apirilaren 27an (ostirala) eta 28an (larunbata). Ostiraleko saioa 16:00etatik 20:00etara emango dute; eta 09:00etatik 13:00etara, berriz, larunbatekoa. Prezioa: 12 euro (8 euro langabetuentzat eta ikasleentzat).

Autoestimua lantzeko tailerra

Norberaren burua onartzen, harreman osasuntsuak eraikitzen eta autokonfiantza lantzen ikasteko baliogarria izan nahi du Pepa Bojok emango duen tailerrak. Martxoaren 16tik maiatzaren 30era egingo dute; lehendabiziko bi saioak asteazkenez egingo dituzte, eta gainerakoak ostiraletan, 15:00etatik 17:00etara. Gaztelaniaz emango dute tailerra, baina parte-hartzaileek euskaraz hitz
 egiteko aukera izango dute. Prezioa: 30 euro (20 euro langabetuentzat eta ikasleentzat).

Sabel dantza ikastaroa

Jaione Albenizek emango du ikastaroa, otsailaren 1etik maiatzaren 31ra. Ostegunetan izango dira saioak, 18:30etik 20:00etara. Prezioa: 45 euro (30 euro langabetuentzat eta ikasleentzat).

Zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa

"18 urtetik gorako edozein emakumerentzat da, bereziki menopausia hasi edo igarotzen ari direnentzat, edota umetokia edo puxika prolapsoak sufritzen dituztenentzat, pixa galerak dituztenentzat eta erditu berri dauden emakume gazteentzat. Era berean, lunbalgiak tratatzeko ere balio du", azaldu dute arduradunek. Saioa Baena izango da irakaslea eta otsailaren 2tik maiatzaren 25a arte izango dira saioak, ostiraletan, 11:00etatik 12:30era. Prezioa: 33 euro (22 euro langabetuentzat eta ikasleentzat).

Emakumea Pilotari

Pilotan palaz zein eskuz jokatzen ikastea nahi duten emakumeei zuzendutako saioak gidatuko ditu Alaitz Badiolak otsailaren 7tik aurrera. Palaz aritu nahi dutenentzako saioak asteazkenetan izango dira, 19:30etik 21:00etara. Eskuz aritu nahi dutenek, berriz, astearteetan 19:15etik 20:30era, eta ostiraletan 19:00etatik 20:30era izango dituzte hitzorduak. Prezioa: 10 euro hilean.

Zinema, aurkezpenak, haurdunentzako tailerra...

Jabetza Eskoletako ikastaroak ez dira, ordea, uda bitartean Emakumeen Txokoan garatuko diren egitasmo bakarrak. Besteak beste, herriko zein kanpoko zenbait eragilerekin elkarlanean, zinema emanaldiak, liburu eta tesi aurkezpen bana, edota emakume haurdunentzako tailerra ere eskainiko dituzte. Otsailaren 5etik aurrera emango du azken hori Edurne Salegik, astelehenetan, 18:00etatik 19:30era: Jabetza Eskoletakoetan bezala, haurdunentzako tailerrerako ere izena eman behar da, hilean 10 euroren truke.

Jaialdia, maiatzaren 18an

Urtero legez, emakumeei zuzendutako egitasmoen ikasturte amaiera ospatzeko jaialdia ere egingo dute. Maiatzaren 18an izango da, Sanagustin kulturgunean. Hamabost urte beteko dituen antzezlan baten azken emanaldia izango da protagonista aurten: Greban gaude. Emakumeen ikasturte amaierako jaialdi baterako sortu zuten, hain zuzen ere, obra hori Lakrikun taldeko kide batzuek; harrezkero dozenaka aldiz taularatuko lana sorburura itzuliko da, horrenbestez, agure esateko.