Otsailaren 18an hasiko da IX. Erniarraitz Txapelketa

Uztarria.eus 2018ko urt. 31a, 13:40
Jon Gurrutxaga kantari, Gaztetxean jokatu zen 2016ko Erniarraitz sariketaren finalean.

Hiru kanporaketa jokatuko dituzte 18 bertsolarik; tartean dira Oier Etxeberria, Jon Gurrutxaga eta Jon Ander Iriondo azpeitiarrak. Lehen saioa Azkoitian izango da, bigarrena Errezilen eta hirugarrena Zestoan. Finala, berriz, martxoaren 16an izango da Azpeitiko Gaztetxean, eta sei bertsolari sailkatuko dira azken saio horretara. Bi urtez behin antolatzen du sariketa Erniarraitz bertsozale elkarteak.

Otsailaren 18an, igandez, hasiko da Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioa. Hiru kanporaketa eta finala jokatuko dituzte, eta, guztira, 18 bertsolari ariko dira kantuan. Lehen saioa Azkoitiko Kultur Etxean izango da otsailaren 18an, 17:00etan hasita. Bertan, Oier Etxeberria, Aratz Igartzabal, Txaber Altube, Joanes Illarregi, Maialen Akizu eta Aitor Servier ariko dira lehian. Gai-jartzaile lanak, berriz, Silvia Etxanizek egingo ditu.

Bigarren kanporaketa otsailaren 25ean, igandea, izango da Errezilgo Borondegi jatetxean, 17:00etatik aurrera, eta honako bertsolari hauek abestuko dute bertan: Jon Gurrutxaga, Eli Pagola, Malen Amenabar, Maider Arregi, Eñaut Martikorena eta Eneko Araiztegi. Gaiak jartzen Jokin Uranga ariko da.

Hirugarren eta azken kanporaketa martxoaren 4an, igandea, 17:00etan hasita egingo dute Zestoako Kultur Etxean. Saio horretan ere sei bertsolari ariko dira kantuan: Jon Ander Iriondo, Aitor Salegi, Aitor Bizkarra, Peru Abarrategi, Haritz Mujika eta Xabi Igoa. Aizpea Aristi arduratuko da bertsolariei gaiak jartzeaz.

Finala martxoaren 16an, ostiralez, jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasita, hiru kanporaketetatik sailkatzen diren sei bertsolari ariko dira nor baino nor txapelaren bila.

Bi urtez behin jokatzen dute Erniarraitz bertso sariketa, eta hainbat bertsolari gaztek parte hartzen du edizioz edizio.