Unai Orbea txirrindularia Aldro taldean lehiatuko da aurten

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2018-01-29 19:34

Azpeitiarrak Manolo Saiz izango du zuzendari afizionatuetako bere hirugarren urtean. Ordiziako Amporekin aritu da aurreko bi denboraldietan.

Unai Orbea, Amporen elastikoarekin.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Unai Orbeak (Azpeitia, 1997) talde berriarekin lehiatuko da hastear den afizionatuen txirrindularitza denboraldian. 23 urtez azpikoetako lehendabiziko bi urteak Ordiziako Ampo taldean osatu ondoren, Kantabriako (Espainia) Aldrorekin lehiatuko da 2018an. Besteak beste ONCE talde profesionalaren zuzendari izan zen Manolo Saiz izango da aurrerantzean azpeitiarraren zuzendaria.

Bi urte talde berean egon ondoren, "aldaketa baten beharra sentitzen" zuela adierazi du Orbeak, txirrindulari ibilbidean "aurrera egiteko". Ampon "gustura" egon dela dio eta "eskerrak eman nahi" dizkio Ordiziako taldeari. "Hala ere, neure maila behar den bezala ez dudala zukutu uste dut, erlaxatu egin naizela, eta txipa aldatzeko beharra nuen", dio azpeitiarrak.

Kantabriako taldearekin "entrenamenduetan-eta aldaketak" egin beharko dituela dio; besteak beste, Kantabrian bertan, Torrelavegan, Aldrok txirrindularientzat duen egoitzan egonaldiak egitea tokatuko zaio. Egutegiari dagokionez, oraindik ez diote zehaztu, baina Zumaiako lasterketarekin ekingo dio, seguruenez, sasoi berriari, otsailaren 24an. Dena den, Aldrorekin "Kanpoan lasterketa gehiago" korritzeko aukera izango duela dio Orbeak, eta hori izan duela "taldez aldatzeko beste arrazoietako bat".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa