Soreasu bete du sokamuturraren 500. urteurreneko ekitaldi nagusiak

Uztarria.eus | Festak | Argazki galeria
2018-01-27 19:54

Azpeitiko Sokamuturra 500 herri batzordekoek hitzordua jarria zuten gaur arratsalderako Soreasun, urteurren borobila ospatzeko prestatu duten egitarauaren ekitaldi nagusirako. Ez da ezustekorik izan, eta antzokia goraino bete da. Ehundaka lagunek jarraitu eta txalotu dute ekitaldia.

Lau zati izan ditu ekitaldiak. Hasteko, Joxin Beloki sokamutil ohi beteranoa eta Lorea Aranburu eta Mattin Arakistain haurrak atera dira oholtzara, Iraia Bereziartua biolin-jotzailearekin batera. Musikariak Lolita jotzen zuen bitartean, sokamutilez jantzitako hirukotea karnabaletako soka pajaritaduna prestatzen aritu da; Beloki erakusle, eta umeak ikasle. Andoni Unanue sokamutil ohi eta batzordeko kidea eta Eneko Etxeberria alkatea irten dira gero, hitza hartzera. Azpeitian gutxienez 500 urte dituen kaleko zezenaren tradizioa izan dute biek ahotan. Soreasun elkartu direnei eskerrak eman dizkie Unanuek eta ospakizunetan parte hartzen jarraitzera gonbidatu ditu, aro eta egoera guztietan "sokamuturra beti gure artean" izan dela gogoratu ondoren. Etxeberriak, bere aldetik, "nere kalkuluen arabera, Azpeitian sokamuturrak baditu 17 amama" esan du, Jorge Oteizari erreferentzia eginez, 500 urtetan joandako belaunaldiak zenbatuz, eta kaleko zezenaren tradizio errotua azalduz.

Hitzaldien ondoren, Azpeitiko karnabaletako musikari ekin dio berriro Bereziartuak; eta sokari, berriz, bi umeek eta Belokik. Haiek oholtza txalo artean utzi dutenean, antzerkiak hartu die lekukoa. Tabernaria, sokamutila, mutiko sokamuturzalea eta bere amama, ganaduzalea, argazkilariak, Bandako musikariak, txistularia, zezenaren irteera iragartzeko suziria eskuetan zuen udaltzaina, eta sokamuturrari buruzko filma grabatzera Islandiatik larri-larri iritsitako zuzendaria pasatu edo/eta egon dira oholtzatik eta oholtzan, ondoren etorriko zenarekin lotura egiteko.

Izan ere, iragarrita zegoen bezala, Xanti Rodriguezek zuzendu duen Irteera film laburraren estreinaldiarekin amaitu da ekitaldia. Jai karnabal arratsaldeko zezenaren irteera aurreko momentuak jasotzen dituen filma da Irteera, eta Andoni Etxeberria sokamutila, Onintza Urbieta sokamuturzalea, Iñigo Almorza ganaduzalea, Aner Rodriguez ume sokamuturzalea eta haren amama Maria Luisa Zendoia sokamuturzalea, eta Hilari Irastorza jostuna agertzen dira bertan, zezenaren irteeraren aurreko eta plazara iritsi arteko irudiekin batera. Filmeko protagonistak beraiek, Irastorza izan ezik, dira gaur aurreko antzezpen txikian aktore aritu direnak, Rodriguez berarekin batera.

Hurrengo hitzorduak

Gaur gauean izango da sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizunen hurrengo hitzordua, Loiola hotelean 21:30ean hasita ospatuko duten herri afaria. Bihar, berriz, datorren igandean bezala, sokamuturra izango da arratsaldean, 16:30etik aurrera.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sokamuturra500 | 2018-01-28 : 15:50

#sokamuturra500 urteurreneko ekitaldi nagusia, borobila. Eskerrik asko denei!

Hemen gure balorazioa:
http://sokamuturra500.eus/?p=805

Erabiltzailearen aurpegia jesuita | 2018-01-29 : 16:12

Galdera bat. Egia al da, aurkeztu den dokumentala Azpeitiko ikastetxeetan bota nahi dela?

Erabiltzailearen aurpegia gurasobat | 2018-01-30 : 10:52

Ba programaren arabera, bai. Nun daude hezkuntzako eragile, guraso elkarte, irakasle, udaletxe etabarrak gauza hauek onartzeko? Hezitzailea al da?
#NereizeneanEZ

Erabiltzailearen aurpegia Ritxar Branson | 2018-01-30 : 13:08

Agian amamak kontatzeari utzi eta datozen belaunaldiei zer nolako herria utzi nahi diogun hausnartzen hasteko balio dezake urtemuga honek. Ni ere ados gurasobatek esandakoarekin, nere izenean ere ez!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa