Kalean da Azpeitia eta euskara ardatz eta herritarrak oinarri dituen liburuxka

Uztarria.eus 2018ko urt. 27a, 14:24

Gaur, zapatua, eguerdian aurkeztu dute Natul euskara elkarteak, Uztarria Komunikazio Taldeak eta Udalak Azpeitiarrez Natul liburuxka Sanagustin kulturgunean. Herritar ugari bertaratu da aurkezpen ekitaldira, eta liburuaren sustatzaileek haientzat esker hitzak izan dituzte, herritarren ekarpenekin osatu baitute liburua: "Herritarrek egindako liburuxka da", esan dute. "Herritarrok zarete proiektu honen oinarria, zuek bidali dituzuelako esapideak, eta horrek egiten du berezi liburu hau. Herri ekimenetik sortutako liburua da, eta herriak ondu du. Horri berebiziko balioa ematen diogu, liburu honek, denona izanik, gehiago balio duela uste baitugu", azaldu du Eneritz Albizu Natuleko kideak.

Dena den, hark argi utzi du liburua ez dela herritarrei azpeitiarrez nola idatzi irakasteko jarraibideen hiztegi bat. "Azpeitian erregistro informalean edo ahozkotasunean erabiltzen diren hitzak eta esapideak jaso nahi izan ditugu; lehen erabiltzen zirenak eta orain erabiltzen direnak. Denak leku komun batean jasotzea nahi genuen". Azpeitiarren "altxorra" nolabait jaso beharra zegoela gaineratu du Albizuk. "Gure euskalkia bizi-bizia da, gure herria bezala. Euskalkiari balioa eman diogu, baina euskara batua ere denona da; biak osagarriak dira".

Natuleko kideek 2016. urtearen hondarrean jarri zuten martxan Azpeitiarrez Natul egitasmoa, eta hitzak nahiz esapideak jasotzeko hainbat bide jarri zuten herritarren eskura. Haiek azaldu dutenez, ehundik gora herritarrek ekarpenak jaso zituzten e-postaz, eta beste hainbat herriko hainbat gunetan jarri zituzten itxulapikoen bidez. Garbiñe Bereziartuak azaldu duenez, bilketa prozesua "oso polita" izan da. Ondoren, jasotako ekarpenei "galbahea" pasatu ziotela azaldu du: "Konturatu ginen horrek bazituela zailtasun batzuk. Izan ere, zer onartu eta zer ez? Irizpide batzuk jarri genituen, baina horiek fintzen eta egonkortzen joan dira bukaera aldera. Bukaeran gelditu zaizkigu garbi liburua osatzerakoan erabili beharreko hiru irizpideak zeintzuk ziren". Hain zuzen ere, Azpeitian soilik erabiltzen diren hitzak eta esapideak, Azpeitian asko erabiltzen direnak edo adiera berezi batekin erabiltzen direnak eta Azpeitian erabilera galtzen ari direnak jaso dituzte liburuxkan. Gainera, Bereziartuak azpimarratu duenez, saiatu dira "ahalik eta lan txukunena" egiten, eta genero, hezkidetza eta inklusio ikuspuntua zaindu dute adibideak jartzerakoan.

Ane Urangak hartu du hitza Uztarria komunikazio taldearen izenean. Hark nabarmendu du Natulek liburua egiteko proposamena egitean, Uztarriak ez zuela proiektua laguntzeko zalantzarik izan. "Uztarriaren oinarria herria da, eta euskara lanabesa; beraz, bi horiek uztartzean sortzen den hori, azpeitiera, jasotzen duen liburua egiteari baiezkoa eman genion". Koordinazio eta zuzenketa lanetan aritu da Uztarria liburua osatze prozesuan, eta Urangak azaldu du "hainbat zalantza" izan dutela idazterako orduan. "Azpeitiera ez dago araututa, ez dago jasota nola idatzi behar den, eta saiatu gara ahozkotik gertu dagoen baina batuarekin lotuta dagoen idazkera erabiltzen".

Aurkezpenean izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josu Labaka Kultura batzordeburua ere; izan ere, udalak lagundu du diruz liburuxka. Etxeberriak euskalgintzak "elkarlanean" egindako liburua dela azpimarratu du. "Eskerrak Uztarriari egunero egiten duen lanagatik, eta Natuli ere bai, euskara hizkuntza bizi bat dela demostratzeagatik". Etxeberriak esan du "Azpeitian posible" dela horrelako liburu bat egitea, "euskarak" denerako ematen duelako. Labakak Azpeitiak euskararen normalizazioan duen balioa nabarmendu du. "Azpeitian hegemonikoa da euskara, hutsuneak hutsune, eta euskararen arnasgunea da gure herria. Zoritxarrez, Euskal Herriko egoera ez da horrelakoa, eta azpeitiarroi ere badagokigu ingurukoak diren eta ez diren herrietan eragitea eta ardura puntu hori hartzea". Labakaren aburuz, bada Azpeitia herri euskalduna izatea ahalbidetzen duen arrazoi bat: "Herritarrek, belaunaldiz belaunaldi, euskaraz hitz egitea erabaki izan dugulako da horrelakoa gure herria".

Natuleko kideek eskerrak eman dizkiete liburuaren maketazioan-eta lan egin duen Eregi euskara eta komunikazio enpresari, baita liburuxkarako ilustrazioak egin dituzten sortzaile guztiei ere.

Bilketa, aurrera

Liburuxka kaleratu badute ere, Natulek hitz eta esapide bilketarekin jarraitu egingo du aurrerantzean ere. Izan ere, liburua irekia da, eta haren sustatzaileek esan dutenez, ekarpen gehiago jasoz gero, "baliteke" liburuxkaren bigarren edizio mardulago bat kaleratzea.

Liburuak dagoeneko eros daitezke Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi plazatxoa, 1 behea), bost euroren trukean. Uztarriako bazkideek, berriz, datorren astean etxean jasoko dute liburua, doan.