"Militantzia politikoaren aurkako jazarpena" gaitzetsi dute dozenaka ikaslek

Uztarria.eus 2018ko urt. 26a, 14:09

Errepresioaren Aurkako Eguna da gaur eskualdean. "Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako jazarpen kasuak" salatzeko asmoz, hainbat ekitaldi ari dira egiten han-hemenka, eta Azpeitian, esaterako, elkarretaratzea egin dute eguerdian. Amnistiaren alde antolakuntza eta borroka lelopean, dozenaka lagun elkartu dira Loiolabideko biribilgunean. Eskualdeko beste hainbat herritan ere egin dituzte ikasleen elkarretaratzeak.

Gainerako ekitaldiak Zestoako Gaztetxean egingo dituzte. 18:00etan, hausnarketarako gunea zabalduko dute bertan; izan ere, mahai-ingurua egingo dute Altsasuko Gaztetxeko eta Oreretako 4ak askatu! plataformako kideekin. "Jazarpen kasu" konkretu horien nondik norakoak azaltzearekin batera, Espainiako estatuaren eta bere indar armatuen lan politikoaren "zantzu estrategikoak" argitzen ere saiatuko dira. Gauean, berriz, Rodeo, Verräter eta Argizulo Dub Station taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean bertan, eta han lortutako dirua Altsasuko zortzien eta Iruñeko 11 gazteen aurkako bi epaiketetako kideei laguntzeko bideratuko dute.