ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin dute lan baldintza duinak eskatzeko eta prekarietatea salatzeko

Uztarria.eus 2018ko urt. 26a, 13:33
Urola Kostako ELAko ordezkariei elkarretaratzea egin dute gaur, plazan.

Urola Kostako ELAko ordezkariak bilkura ari dira egiten gaur, ostirala, Azpeitian, aurtengo urtera begira dituzten erronkei buruz hausnartzeko. Besteak beste adierazi dute "prekarietateari aurre egiteko", enpresetan, sektorean zein erakunde publiko desberdinetan hitzarmenak negoziatuko dituztela.

Urola Kostako ELAko ordezkariak bilkura ari dira egiten gaur, ostirala, Azpeitian, aurtengo urtera begira dituzten erronkei buruz hausnartzeko. Bide batez, "lan baldintza duinak eskatzeko eta lan munduko prekarietatea salatzeko" elkarretaratzea egin dute 10:45ean, plazan. ELAko ordezkarien esanetan, krisiak "gogor jo" du eskualdea, eta, ondorioz, enpresak itxi eta gizarteak langabezia "sufritu" behar izan du. Era berean, gaineratu dute azken hamar uretan, lan errentek pisua "nabarmen" galdu dutela, nahiz eta 2008an baino "aberastasun gehiago" sortzen ari den. "Beldur giro horretan enpresaiek sortu dituzten lanpostu berriak prekarioak izan dira kasu askotan. Egoera ekonomikoa, ordea, aldatu egin da, eta instituzio politikoetatik zein patronalaren ahotik ere hasi gara entzuten hazkunde aro batean sartuta gaudela".

Honen aurrean, ELAko ordezkariek kontatu dute "hautu garbia" egin zutela iaz, eta bide beretik jarraituko dutela aurten ere: "Dagokiguna berreskuratzeko garaia da. Ez digute borondatez ezer oparituko. Enpresetan, sektorean zein erakunde publiko desberdinetan hitzarmenak negoziatuko ditugu, hori baita prekarietateari aurre egiteko dugun bidea".

Ezarri dituzten erronkei "eustea" eta antolakuntzaren bidez lan baldintza duinak "lortzea" dituztela helburu adierazi dute ordezkariek, eta, gaineratu dute bide horrek eskualdean hainbat adibide positibo utzi zituela joan den urtean: "hala nola, Zarauzko Estampaciones Guipuzkoa, Zarazuko KSB Itur eta Zumaiako Mecatar enpresetan eta Zarauzko Udal Kiroldegian hitzarmenak sinatu ditugu soldata igoerak, ETTei mugak, bajen ordainketetan hobekuntzak eta hitzarmenetan aplikazio berme klausulak jasoz".