Herritarrek ondu duten liburua

Urola Kostako Hitza | Euskara | Artikulua
2018-01-25 12:30

Urtebete pasatxo hitzak eta esapideak biltzen aritu ostean, zapatu honetan aurkeztuko dute ‘Azpeitiarrez Natul’ liburua Natul euskara taldeak, Uztarria komunikazio taldeak eta udalak.

Ehunka esapide, esamolde eta hitz. Eta dozenaka toki izen eta alderaketa. Horiek eta gehiago jaso dituzte Natul euskara elkarteko kideek 2016. urtearen hondarrean martxan jarri zuten Azpeitiarrez Natul egitasmoari esker. Herritarren ekarpenak jaso eta galbahea pasatu ostean, webgune batean bildu zituzten Azpeitian erabiltzen diren hitzak eta esapideak.

Orain, baina, beste urrats bat egin dute Natuleko kideek, eta Uztarria komunikazio taldearen nahiz Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, liburu bat osatu dute. Hain zuzen ere, ehundik gora herritarren ekarpenekin egindako ehun orri inguruko Azpeitiarrez Natul liburua kaleratu dute, eta larunbatean egingo dute haren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita.

Ehunka esapide

Natul elkarteko kideek hainbat bide jarri zuten herritarrek Azpeitiko hitzak eta esapideak bidal zitzaten, eta larunbatean aurkeztuko duten liburua "guztien artean osatutakoa" dela nabarmendu dute euskara elkarteko kideek: "Azpeitiarrek egina, azpeitiarrentzat". Horregatik, liburuaren sustatzaileek larunbateko aurkezpen ekitaldira bertaratzeko deia egin diete herritarrei. Izan ere, Natuleko kideen arabera, "oso gauza politak" bildu dituzte liburuan.

Herritarren ekarpenak ez ezik, Azpeitiko hainbat sortzailek libururako ilustrazioak egin ditu. Horiek, hain zuzen ere, liburuan jasota dauden hitzen eta esamoldeen inguruko marrazkiak egin dituzte. Honako sortzaile hauek parte hartu dute libururako ilustrazioak osatzen: Iñaki Martinez, Lierni Varela, Carmen Olano, Enok Sudupe, Julen Agirre, Itziar Aranguren, Xanti Agirrezabala, Olatz Alkorta, Irune Aramendi, Nerea Etxaniz eta Olatz Aguado.

Natuleko kideek azaldu dutenez, "argi" dute Azpeitiko hizkerak herritarrak "berezi" egiten dituela: "Altxor bat direlako nahi genuen atzoko eta gaurko hitzak eta esapideak biltzea".  Euskara elkartekoek esan dutenez, azpeitiarrek "mantentzen, aldatzen eta biziberritzen" dute beren euskalkia, eta eginkizun horretan ekarpen bat da Azpeitiarrez Natul liburua. "Ahozko jardun hori gordetzeko asmoarekin sortu genuen proiektu hau, gure altxorrari balioa emateko. Izan ere, gure euskalkia bizi-bizia da, gure herria bezala".

Dena den, Natuleko kideek argi utzi dute liburua ez dela hiztegi bat. "Ez da azpeitiarrez idazteko jarraibideak ematen dituen eskuliburu bat". Horri lotuta esan dute euskara batuak eta euskalkiek, biek dutela beren lekua eta funtzioa euskararen munduan. "Esan gabe doa euskara batuak ezinbesteko ekarpena egin duela alfabetizazioan eta hizkuntzaren normalkuntzan, eta hari zein hura sortzeko lan egin zuten guztiei zor diegu, hein handi batean, Euskal Herrian gero eta euskaldun gehiago egotea". Hori dela eta, euskara elkarteko kideek jakinarazi dute bi erregistroak, batua eta euskalkia, "osagarri" ikusten dituztela.

Azpeitia euskararen arnasgunea dela ere azpimarratu dute euskara elkarteko ordezkariek. "Euskara eroso bizi da gure herrian, mehatxurik gabe. Oro har, euskara normalizatutako hizkuntza da gurean, eta horren faktoreetako bat da gure euskalkia edo erregistroa". Natuleko kideen aburuz, azpeitierak presentzia “handia” du jardun informalean: "Haur zein heldu erabat identifikatuta sentitzen gara euskalkiarekin. Hainbat belaunaldik partekatzen dugun kodea da, eta uneoro berritzen ari da. Horregatik, azpeitiarrek ez dute gaztelaniara jotzeko beharrik beste erregistro bat aurkitzeko". Haien arabera, azpeitiarrek "modu naturalean" erabiltzen dute euskara, eta horixe jaso nahi izan dute liburuan. "Hori aberastasuna da, mantendu eta landu behar den aberastasuna", esan dute.

Gainera, uste dute azpeitiarrek "motore" lanak egin ditzaketela euskararen normalkuntza prozesuan, beren jarduna "herritik kanpo" ere zabalduta: "Ez da herrira begira dugun ardura soilik, baita Euskal Herrira begira duguna ere".

Liburua, salgai

Aurkezpenaren ostean, liburua bost euroren trukean salgai jarriko dute Sanagustin kulturgunean bertan nahiz Uztarria komunikazio taldearen egoitzan. Gainera, Uztarriako bazkideek datorren astean etxean jasoko dute liburua, doan.

Liburuaren lehen edizioa da zapatuan aurkeztuko dutena, baina Natuleko kideek hitzak eta esapideak webgunearen bidez biltzen jarraituko dute aurrerantzean ere. Barra-barra jasoz gero, arbialdi bat pasatzerako aterako dute liburuaren bigarren edizio eguneratua. Baldinbaite!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa