Jon Guridik 23 dortsala izango du Realaren lehen taldean

Uztarria.eus 2018ko urt. 25a, 10:52

Belauneko lesio luzetik errekuperatuta, lehen taldearekin hasi da entrenatzen Jon Guridi (Azpeitia, 1995). Gainera, Realak hala erabakita, 23 zenbakidun elastikoa izango du azpeitiarrak aurrerantzean –lehen 30 dortsala zuen–. Euskarri azpeitiarrari eskuineko belaunean ebakuntza egin zioten joan zen apirilean, eta errekuperazio prozesua gaindituta, joan zen astean Celtaren partidarako deitutako jokalarien artean zen Guridi.

Azpeitiarrak 2017ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian. Orduan, baina, Reala B taldeko jokalaria zen Guridi, eta lehen taldeko hainbat jokalariren faltan, Guridiri tokia egin zion hasierako hamaikakoan Eusebio Sacristan entrenatzaileak. Realak iazko apirilean 2022ra arte luzatu zion Reala Bn aurretik zuen kontratua azpeitiarrari.

Mikel Labakak ere Realeko talde teknikoan jarraitzen du joan zen denboraldian aritutako gisan. Eusebio Sacristan entrenatzailea eta Juan Carlos Andres bigarren entrenatzailea ditu ondoan. Labakak 2013an utzi zion futbolean jokatzeari, eta 2014-2015 denboraldiaren hasieran itzuli zen Realera, jubenil mutilen bigarren taldea, Easo, entrenatzera. 2014ko azaroan Reala Bko bigarren entrenatzaile postua hartu zuen, eta iaz lehen taldeko talde teknikoan aritu zen azpeitiarra.