Iker Aizpuruk zilarrezko domina irabazi du Igeriketa Egokituko Espainiako Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko urt. 23a, 12:08
Iker Aizpuru, erdian, domina zintzilik duela, selekziokideekin. Ezkerreko aurrena de Arakistain, eta eskubiko lehena Uria. (Izarraitz Igeri Elkartea)

Infantil mailako sailkapen nagusiko txapeldunordea izan da azpeitiarra. Lander Uria eta Jurdan Arakistain ere lehiatu dira txapelketan, junior mailan.

Sansebastianak Valentzian (Herrialde Katalanak) pasatu dituzte Izarraitz Igeri Elkarteko hiru igerilarik. Lander Uria, Jurdan Arakistain eta Iker Aizpuru Igeriketa Egokituko Espainiako Txapelketan lehiatu dira han, Euskadiko Kirol Egokituko Selekzioa ordezkatuz, eta ez zaie damutu herriko festak galtzea.

Izan ere, Iker Aizpuru zilarrezko dominarekin itzuli da Valentziatik. Infantil mailan lortu du azpeitiarrak txapeldunorde izatea. Lau probatan lehiatu zen Aizpuru: 50 eta 100 metro libreetan, eta 50 eta 100 metro bizkarrean; eta lau proba horietan lortutako emaitzen baturak eman zion sailkapen nagusiko zilarrezko domina. Alebin mailan bi aldiz izana da Aizpuru Espainiako txapeldun, 2015ean eta 2016an.

Aipatutako lau proba horiek osatu zituzten Uriak eta Arakistainek ere, haiek junior mailan.