Alex Txikonek gogoan izan ditu Beñat Arrue eta 2001ean Pumoriko espedizioan hil ziren beste lau lagunak

Uztarria.eus 2018ko urt. 22a, 13:41

Joan zen ostiralean jakinarazi zuen sare sozialetan Alex Txikon mendigoizaleak Pumoriko gailurrera (7.161 metro, Nepal) iritsi zela, eta 2001ean Pumorira espedizioa egin zuten hamar euskal herritarrekin oroitu zen. Izan ere, 2001eko urriaren 17an hamar mendigoizale haietatik bost hil egin ziren Pumoriko gailurrera bidean –tartean, Beñat Arrue azpeitiarra–, eta mendizale haiek espediziora eraman zuten elastikoa soinean zuela ageri zen argazkia jarri zuen Txikonek sare sozialetan.

Honako mezu hau jarri zuen Txikonek sare sozialetan: "2001. urtean 10 euskaldun gazte gogo eta ilusioz gainezka etorri ziren Pumori mendia igotzeko asmoarekin, tamalez, horietako 5 hemen gelditu dira betirako. Lagun batek espedizio honetako kamiseta eman zidan eta jantzi egingo dut, ziur bainago babestuko nauela. Nere omenaldi apala. Besarkada bat".