Martxoaren 8ko greba antolatzen hasi dira eskualdeko herrietan

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 19a, 12:21
Urola Kostako Koordinadora Feministako kideak, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. (Utzitakoa)

Asteazkenean izan zuten lehenengo bilera, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Herrietako asanbladen ondoren, otsailaren 7an elkartuko dira berriz ere, Zestoan.

Asteazkenean elkartu zen Urola Kostako Koordinadora Feminista Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Emakumeen Askapenerako Nazioarteko Egunerako greba antolatzen ari da Euskal Herriko mugimendu feminista, eta gai hori izan zuten hizketagai Azpeitian egindako bileran. Koordinadorak jakinarazitakoaren arabera, eskualde mailan dinamika bateratuak antolatzea adostu zuten asteazkenean; baina herrietan greba nola "lurreratuko" den zehaztea izango da hurrengo hitzorduetako zeregina. Horretarako, asanbladak izango dira egunotan herriz herri.

Egungo sistema sozial eta ekonomikoa emakumeek egindako lan ikusezinari esker mantentzen dela ikusarazi nahi dute grebaren bitartez. Gizartearen ongizatea eta aberastasuna lan horien bidez ahalbidetzen dela salatzeko baliatuko dute protesta. Hala, "sistemaren erdigunean merkatua egon beharrean, pertsonak eta bizitza egotea" aldarrikatu nahi dute martxoaren 8an.

"Planto" egiteko deia

Lau arlo izango ditu protestak: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba izango da martxoaren 8koa. Emakumerik gabe  herri oso bat geratzeko ahalmena dutela erakusteko baliatuko dute mobilizazioa.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzan.