Azpeitia eta Gabiriaren arteko bertso desafioa egingo dute, Loiolan atxilotutakoei elkartasuna adierazteko

Uztarria.eus 2018ko urt. 18a, 13:11

Otsailaren 9an izango da erronka, Gabiriako Osinalde Elkartean, eta Azpeitiko taldean Beñat Lizasok, Leire Ostolazak eta Haritz Etxeberria Ministrok hartuko dute parte. Hara joateko izena eman daiteke dagoeneko.

Loiolako herri harresian "ertzain bati lesioa eragitea" leporatuta zigortu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarrari eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrari elkartasuna adierazteko, Azpeitia eta Gabiairaren arteko bertso desafioa antolatu dute Libre dinamikak eta Elea mugimenduak. Otsailaren 9an izango da erronka, Gabiriako Osinalde Elkartean, eta honako bertsolariek hartuko dute parte: Gabiriako taldean izango dira Aratz Igarzabal Potto, Endika Igartzabal Anbu eta Gorka Maiz Paxtel; Azpeitikoan, berriz, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza eta Haritz Etxeberria Ministro izango dira. Gai jartzaile lanetan, berriz, Jokin Murua arituko da.

21:00etan hasiko da saioa, eta bertara joateko izena eman daiteke dagoeneko, 636-45 88 84 telefonora deituta eta arigarzabal@gmail.com helbidera idatzita.

Iazko otsailean epaitu zituzten azpeitiarra eta ormaiztegitarra, 2014an Loiolan egin zuten herri harresian ertzain bati "lesioak" egitea leporatuta. Epaileak 23.663 euroko isuna ezarri zien, eta gastuei aurre egiten laguntzeko honako kontu korronte zenbakia zabaldu zuten Eleak eta Libre mugimenduetako kideek: ES 65 3035 0006 84 0060022507.