Zine Ziklo Amorosue hasiko du Gaztetxeak, 'Langosta' filmarekin

Uztarria.eus 2018ko urt. 16a, 13:30
None

Urtea hasteko, Zine Ziklo Amorosue antolatu du Gaztetxeak, eta ostegunean, hilaren 18an, izango da lehenengo emanaldia. Yorgos Lanthimosek zuzendutako Langosta (Grezia, 2015) filma ikusi ahal izango da. Ez ohiko gizarte batean girotuta, maitasun istorio berezi bat kontatzen du filmak. Ezarrita dauden arauei jarraituz, ezkongabeak atxilo hartu eta leku batera eramaten dituzte, 45 egunetan bikotekidea aurkitu dezaten.

Zikloaren barruan, beste bi filma eskainiko dituzte: batetik, hilaren 25ean, Xavier Dolanek zuzendutako Mommy (Kanada, 2014) filma ikusi ahal izango da. Ama baten eta buruko gaixotasun bat duen semearen arteko harremanari buruzko lana da Mommy; bestetik, zikloari amaiera emateko, Michael Haneke zuzendariaren Amour (Austria, 2012) filma emango dute, otsailaren 1ean. Georges eta Anne 80 urteko senar-emazteak Parisen bizi dira, baina egun batean Anneri bihotzekoak emango dio, eta gorputzaren zati bat geldituko zaio. Gertaera erronka izango da bien arteko maitasun harremanean.

Emanaldi guztiak ostegunetan izango dira, 21:00etan.