Alex Berasategi ez da izango Munduko Argazki Kopako finalean

Uztarria.eus 2018ko urt. 16a, 11:14

Espainiako Argazkilari Profesionalen Federazioaren epaimahaiak aukeratu zuen Berasategiren argazkia Publizitate arloan lehiatzeko; azpeitiarrak ateratako bizikleta baten irudia izan da finalerako lehian. Berasategik Uztarria.eus-i azaldu dionez, "gustura" dago finalaren atarira iritsi izanarekin.

Atzo gauean jakinarazi zuen epaimahaiak zein argazkilari sailkatu diren Munduko Argazki Kopako (WPC) finalera, eta Alex Berasategi argazkilari azpeitiarra azken txanpa horren atarian gelditu da. Espainiako Argazkilari Profesionalen Federazioaren epaimahaiak aukeratu zuen Berasategiren argazkia Publizitate arloan lehiatzeko; hain zuzen ere, azpeitiarrak ateratako bizikleta baten irudia izan da finalerako lehian.

Sei atal ditu Munduko Argazki Kopak, eta 30 herrialdetako argazkilariek parte hartu dute bertan. Guztira, 500 bat argazkilariren lanak izan dira finalaren atarian, eta horietatik 60 hautatu zituzten atzo gauean; atal bakoitzeko hamar. Horiek denak maiatzaren 5ean Australian jokatuko den finalean izango dira.

Berasategik Uztarria.eus-i azaldu dionez, "gustura" dago honaino iritsi izanarekin.