Presoak Euskal Herrira gerturatzeko Frantziako Gobernuaren erabakiak Josu Urbieta 'Pow' presoari eragin diezaioke

Uztarria.eus 2018ko urt. 13a, 14:59
Txetx Etxeberri bakegilea. (Argazkia: EITB)

Txetx Etxeberri bakegileak gaur Radio Euskadin adierazi duenez, euskal presoak Mont de Marsango eta Lannemezango espetxeetara eramatea da Frantziako Gobernuaren asmoa. Parisen azken erabakia gauzatuz gero, Potiers-Vivonne (Frantzia) espetxean dagoen Josu Urbieta Pow preso azpeitiarrari ere eragingo lioke. Joseba Segurola Xegu ere Frantzian dago preso, baina hura lehendik ere Lannemezango espetxean dago zigorra betetzen. Lekuz aldatuko dituzten presoak zeintzuk diren eta kopuruari buruz ez dute zehaztapenik eman.

Euskal presoen eskubideak eta haien senideenak errespetatzeko dei eginez, urte berriaren atarian usadioa den Bilboko manifestazioaren egunean iragarri dute albistea. Frantziako kartzeletan dauden euskal presoak Euskal Herrira gerturatuko dituzte datozen asteetan, Txetx Etxeberri bakegileak gaur Radio Euskadin adierazi duenez. Euskal presoak Mont de Marsango eta Lannemezango espetxeetara eramatea da Frantziako Gobernuaren asmoa. “Poliki-poliki salbuespeneko egoerari amaiera” emango dietela esan du Etcheverryk.  

Frantziako Gobernuaren azken erabakia gauzatuz gero, Frantziako Potiers-Vivonnen dagoen Josu Urbieta Pow preso azpeitiarrari ere eragingo dio. Pow 2010eko ekainean atxilotu zuten, eta hainbat kartzeletan egon ondoren, gaur egun Potiers-Vivonnen (Frantzia) dago preso, Azpeititik 486 kilometrora. Xegu, berriz, 2005eko martxoan atxilotu zuten, eta momentu honetan Lannemezan (Frantzia) espetxean dago, Azpeititik 269 kilometrora. Gotzon Aranbururen egoera bestelakoa da, Espainian baitago preso, Alacanteko Villenan (Herrialde Katalanak), Azpeititik 720 kilometrora.   

Etxeberrik Radio Euskadin gaineratu duenez, datozen asteotan izango dira lehendabiziko gerturatzeak. “Ez naiz izenak ematen hasiko, baina banakako eskariak eginda daude, eta horietako batzuk Justizia Ministerioaren esku dira dagoeneko. Gerturatuko diren aurrenak izango dira”.

Mixel Berhokoirigoen bakegileak ere egin ditu adierazpenak Euskadi Irratian Frantziako Gobernuaren erabakiaz, eta esan duJustizia Ministerioarekin izandako "bileren emaitza" dela hurrengo asteetan ikusiko dena. "Sentitzen genuen urratsak emateko asmoa bazela, eta hala izanen da; hurbilketak izango dira. Bidean da prozesua". Gerturatzeen datei buruz galdetuta, ez du egun zehatzik aipatu Berhokoirigoenek, baina "beharbada, egun batzuetan" has daitezkeela lehen mugimenduak gaineratu du. Lekuz aldatuko dituzten preso kopuruari buruz ere ez du zenbaki jakinik eman nahi izan: "Ezin dugu kopuru zehatzik eman. Guk mahai gainean denak ditugu, denek eskubide berberak dituzte, eskubideetan ez dago hierarkiarik, baina denen errealitatea ezberdina da. Banan-banan aztertuko dira, eta eskariak eginda daude". Frantziako Ministerioarekin azken hilabeteotan hiru aldiz bildu direla eman du jakitera bakegileak, eta hurrengo hitzordua finkatuta ez badute ere, biltzen jarraituko direla adierazi du. Bi aldeen artean sortu den "konfiantzazko harremana" nabarmendu du Berhokoirigoinek, eta  "panorama guztiz aldatu" dela  adierazi du. Frantziako Gobernuaren erabakiak Espainiarengan eraginik izango duen ez dakiela esan du, eta Frantziako Justizia Ministerioak afera honetan "bere bide propioa egitea" erabaki duela, "kanpoko presiorik gabe".