Hainbat ikastaro eskainiko du Elgoibarko IMH eskolak Azpeitian, otsailean hasita

Uztarria.eus | Hezkuntza | Artikulua
2018-01-12 12:54

Hainbat ikastaro eskainiko ditu Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutuak Azpeitian, Udalarekin sinatu duen hitzarmenari esker. Otsailean hasiko dituzte formakuntza saioak Basozabal jauregian.

Udaleko eta Elgoibarko IMH institutuko ordezkariak gaur, Basozabal jauregiaren atarian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Hainbat ikastaro eskainiko du Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutuak Azpeitian. Otsailean hasiko dituzte formakuntza saioak Basozabal jauregian. Gaur, ostirala, izan da sinadura ekitaldia eta bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Ixaka Egurbide IMHko zuzendaria, Fermin Lazkano IMHko enpresa eta formakuntza arduraduna, Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna eta Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotzia. Dena den, oraindik ez dituzte zehaztu ikastaroaren nondik norakoak, eta udalak azaldu du aurki etxez etxe banatuko dituztela eskuorriak.

Eneko Etxeberriak adierazi du "erabaki garrantzitsua eta apustu sendoa" dela Elgoibarko IMHrekin akordioa sinatzea eta herritarrei industriarekin lotuta, makina herramintaren gaineko formakuntza eskaintzea. Izan ere, azaldu du, "gure ongizatearen sekretua industria" dela, eta arlo horretako "irakasle onenak aukeratu" eta  herritarrei formazioa eskaintzea udalak aspalditik duen "filosofia" dela. Formazioaren bidez "mundua aldatu" daitekeela gaineratu du alkateak, eta nabarmendu du Azpeitiko Udalak formazio arloan lehendik ere hainbat hitzarmen dituela Deustuko Unibertsitatearekin eta EHUko Udako Ikastaroekin, besteak beste. Horren ildotik, gaur sinatutako hitzarmena "aurrerapauso" handia dela uste du, eta eskerrak eman dizkie "formakuntza hori herrira ekartzera bidean lanean aritu diren guztiei". Edurne Zubiak bere aldetik adierazi du akordioa sinatu arteko bidea "luzea" izan dela, baina gaur sinatu duten hitzarmenarekin "bide berri bat zabalduko" dela gaineratu du, eta zentzu horretan "oso pozik" daudela.

Ixaka Egurbide IMHko zuzendariak ere hartu du hitza. Hark gizartearen garapenean formazioa "funtsezkoa" dela adierazi du, eta fisikoki Elgoibarren egonagatik, Azpeitiarekin eta hemengo enpresekin "harreman zuzena" dutela gaineratu du. "Gure bokazioa da enpresen formakuntzan eragitea eta pertsonengandik gertu egotea, formakuntzak eskainiz. Horretarako aukera sortu zaigu, eta IMHtik apustua egin dugu". Zuzendariaren esanetan, "gogotsu" daude herritarrekin eta industriarekin "bide berriari ekiteko". 

Bukatzeko, Fermin Lazkanok adierazi du "hitzarmena garrantzitsua" dela, "industriaren ongizatea eta pertsonen formakuntza sekretua" direlako: "Bukatu da garaia gaztetan ikasitakoarekin gerora ere jarraitzekoa. Pertsonek bizitzan zehar ikasketa prozesu bat gauzatu behar dute". Horregatik, Lazkanok gaineratu du gaurko lau urterako lotu duten hitzarmenaren bidez, ikasteko aukera "hurbil" izatea eskaini nahi diela herritarrei. "Apustu estrategikoa da eta oso harro gaude hitzarmen horretan parte hartzearekin". 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa