Foru Aldundiak 150.000 euro emango dizkio Iraurgi Saskibaloiari, Kirolgiren bidez

Uztarria.eus 2018ko urt. 11a, 12:46
Taldekideen familia argazkia, lurrean etzanda, txapeldunen kopa jaso ondoren.

Gizonen talde nagusiak Espainiako LEB ligan jokatu ahal izateko klubak Espainiako Saskibaloi Federazioan aurkeztu beharreko bermea estaltzeko bideratuko da diru hori.

Kirolgi Fundazioari 150.000 euro ematea onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Iraurgi Saskibaloia laguntzeko. ISBren gizonen talde nagusiak Espainiako LEB ligan jokatu ahal izateko klubak Espainiako Saskibaloi Federazioan aurkeztutako bermea estaltzeko bideratuko da diru hori.

Imanol Lasa diputatuaren esanetan, "azpimarratzekoa" da Iraurgik harrobiarekin egiten duen lana. Iraurgi SBk 15 talde baino gehiago ditu, eta klubak neska-mutil gazteak saskibaloian hasteko egiten dituen teknifikazio saioak sustatzeko eta egiten duten lana babesteko, proiektua laguntzea "ezinbestekoa" dela gaineratu du Lasak. Aurten, 45 urte beteko ditu klubak, eta Gipuzkoako saskibaloian erreferenteak bilakatu dira, "egiten duten lanagatik eta saiakeragatik".