ETAren armagabetzearen ondoren, presoekin zer? izenburupean solasaldia eskaini zuten atzo, asteazkena, Enekoitz Esnaola kazetari eta Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuaren egileak eta Anaiz Funosas Bake Bideaneko kideak. ETAren armagabetzearen ondoren presoen auzian egin daitezkeen urratsez aritu ziren hizketan Esnaola eta Funosas, eta Oihana Elduaien kazetariak egin zituen moderatzaile lanak. Dozenaka lagun bertaratu ziren Sanagustin kulturgunera.
Azpeitiko Sarek antolatu zuen hitzaldia, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioaren atarian. Hain zuzen ere, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa La Casillatik abiatuko da 17:00etan, Prest gaude. Etsamos dispuestos lelopean.
Manifestaziora joateko autobusak antolatu ditu Azpeitiko Sarek. Bi ordutan aterako dira autobusak anbulatorioaren aurretik: 10:00etan eta 16:00etan. Goizean aterako den autobusa gauerdian itzuliko da herrira, eta joan-etorria ordu horietan egiteko Orkatz kultur elkartean eman daiteke izena. Aldiz, arratsaldeko autobusa manifestazioa bukatzean bueltatuko da Azpeitira, eta Orkatzen, Nizan eta Urola Expressen eman daiteke autobus horretarako izena.
Uztarriak joan zen astean kaleratutako urtarrileko aldizkarian Enekoitz Esnaola kazetariari elkarrizketa luzea egin dio, Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua aitzakia hartuta.