Barrutik kanpora egindako lanak ikusgai jarri ditu Eva Cruz Sernak

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 11a, 11:05
Zortzi koadro jarri ditu Eva Cruz Sernak Aisialdi tabernan. (Aisialdi)

Aizarnako artistaren zortzi margolan ikus daitezke Aisialdin, urtarrila amaitu bitartean. Askotariko lanak daude bertan: abstraktuak, aurpegiak, bikoteak...

Margoak eskuetan hartzean, ez du jakiten zer sortzera dihoan Eva Cruz Sernak (Aizarna, Zestoa, 1970); "momentuan burura etortzen zaion horri" tiraka sortzen ditu koadroak. Dena den, lana amaitzean, hari begira jarri eta nabaritzen du zerbait: "Asko ikusten da lanetan nola nagoen ni emozionalki". Beraz, kanpotik barrura beharrean, barrutik kanporako lana egiten du margolariak. Etxean koadro ugari ditu gordeta, eta horietako zortzi aukeratu ditu Azpeitiko Aisialdi gastrotokian jarri duen erakusketarako. Urtarrila amaitu bitartean izango da horiek ikusteko aukera.

Beizaman bizi da azken hamasei urteotan Serna. Sarri joan ohi da Azpeitiko taberna horretara, eta haren jabearekin berriketan ari zela, erakusketa jartzea otu zitzaien behin. Halaxe, askotariko koadroak jarri ditu aizarnarrak bertan: "Koadro batzuk abstraktuak dira; margolan batean, neska bat albora begira ageri da, eta neska hori Mari mitologiako pertsonaia da; beste batean, bikote bat ageri da...". Hori bai, nabarmendu duenez, lan gehienetan "kolore biziak" erabili ditu.

Etxean koadro gehiago dituen arren, jendearentzat "atseginenak" iruditu zaizkionak aukeratu ditu Aisialdirako. "Beste batzuk baditut agian ikusteko zakarragoak direnak, eta ez nituen hor jartzeko modukoak ikusten".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.