Azpeitia eta Errezil arteko errepidean eroritako zuhaitzek hainbat oztopo eragin dute

Uztarria.eus 2018ko urt. 10a, 14:52

Joan zen asteburuan egin zuen denboralearen ondorioz, larunbat arratsaldean Azpeitia eta Errezil arteko errepidean zuhaitz bat erori zen, eta auto bat harrapatu zuen azpian. Zuhaitzak ibilgailuaren aurreko aldea jo zuen, baina autoan zihoazen hiru lagunak onik atera ziren ezbeharretik. Autoan zihoan 18 urteko errezildarrak UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dionez, Azkoititik Errezilera abiatzerako Trafiko Zuzendaritzara deitu zuten, errepidea nola zegoen galdetzeko. Dei hartan esan zieten bidea irekita zegoela, eta "poliki-poliki abiatzea" erabaki zuten. "Harrobi pareko bihurgunea pasatuta, zuhaitza auto gainera erori zitzaigun", esan du. Ertzaintza iristerako, gertaeraren tokitik pasatzera zihoan auto bateko gidariak lagundu zien zuhaitzaren adarrak kentzen, aizkorarekin. "Horrela errepidearen alde bat zabalik utzi genuen autoentzat".

Zuhaitz horrez gain, beste zenbait ere erori ziren bidera, eta zuhaitzek errepidetik igarotzea oztopatzen zutenez, bidea itxita egon zen astelehen eguerdira arte, Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak jakinarazi duenez. Alkatearen esanetan, herritarren hainbat kexa jaso dute errepidea itxita egon den bitartean. Izan ere, soilik auto txikiek igaro zezaketen handik, eta astelehen goizean, eskolarako autobusean joaten diren ikasleek autoz joan behar izan zuten Azpeitiko ikastetxeetara. Horrez gain, azaldu du Ertzaintzak Azpeitiko Landeta auzoan bakarrik jarri zuela errepidea itxita zegoela jakinarazten zuen seinalea. "Errezilen eta Bidanian ez zuten seinalerik jarri, eta, beraz, ibilgailu askok buelta hartu behar izan zuten".

Dagoeneko normaltasunez igaro daiteke errepide horretatik.