2018ko Kultur Bonoa, agortzear

Uztarria.eus 2018ko urt. 10a, 13:37
Banatu dituzten Kultur Bono probisionaletako bat. Originalak laster banatuko dituzte

Salgai jarri eta 23 egunera, hamabi ale besterik ez dira gelditzen saltzeko. Bonoa eskuratzen duenak Sanagustinen zortzi kontzertu doan ikusi ahal izango ditu, eta gainontzeko ikuskizunez erdi prezioan gozatu ahalko du. Ostiralean aktibatuko dute, Kulturazen webgunean, bonoaren kontsumoa kontrolatzeko eta bonoaren barruan zer ekitaldi sartuko diren zehazteko tresna.

Hegan doaz Udalak eta Kulturaz kooperatibak 2018rako ateratako Kultur Bonoak. Abenduaren 19an jarri zituzten salgai, 200 inguru, eta gaur goizean horietatik hamabi ale besterik ez ziren gelditzen saltzeko. "Oso gustura" daude egitasmoaren sustatzaileak Kulturazeko Kepa Urbietaren esanetan, "jendea azkar mugitu delako bonoa hartzeko eta adierazle ona da hori, bonoak ematen dituen aukerek eta dagoen eskaintzak interesa sortu dutenaren seinale".

Bonoa eskuratzen duenak Sanagustinen zortzi kontzertu doan ikusi ahal izango ditu, eta Kulturazek antolatutako gainontzeko ikuskizunez erdi prezioan gozatu ahalko du, Sanagustinen zein Soreasun. 60 eurotan eros daiteke bonoa. "Dagoen programazioa kontuan hartuta, bonoak 200dik gora euroren balioa duela esan dezakegu", dio Urbietak, Azpeitiko Kultur Bonoaren abantailak eta onurak azpimarratzeko.

Bonoaren kontsumoaren jarraipena

Kultur bonoak zer ekitalditarako balio duen jendeak argi izan dezan, Kulturazen webguneko Agenda atalean kultur bonoa erabiltzeko balio duten ekitaldien ondoan ikur bat jarriko zutela iragarri zuten abenduko aurkezpenean, aurtengo berrikuntza gisan. Aukera hori, bono bakoitzaren unean uneko erabilera kalkulatuko duen aplikazioarekin batera, ostiralean aktibatuko dute. Bestetik, orain arte bonoa erosi dutenei txartel "probisionalak" banatu zaizkiela gogoratu du Urbietak. Originalak dagoeneko jaso dituzte, ordea, eta hasi dira batzuk banatzen; asteburuko Sanagustingo kontzertuetara bono probisionalarekin joaten direnei bertan emango zaie behin betikoa, eta gainerakoekin datorren astetik aurrera jakinaraziko diete zer egin bono originala jasotzeko.

Programazioa

Datozen egunetan iragarpen berriak egingo dituztela esan du Urbietak, dagoeneko itxita dituzten dantza ikuskizunenak eta "pare bat kontzerturenak".

Horien esperoan, ordainpeko zazpi kontzertu eta umeentzako ikuskizun bat programatu ditu Kulturazek maiatzaren hasiera bitartean, eta guztientarako sarrerak daude salgai. Hauek dira aipatutako emanaldiak:

  • Nogen + Anita Parker (urtarrilak 13, zapatua, 23:00etan, Sanagustinen)
  • Win Mertens eta Kirmen Uribe (otsailak 23, ostirala, 22:00etan, Soreasun)
  • Pupu eta Lore, Euri tanta banintz (otsailak 24, zapatua, 17:00etan, Soreasun)
  • Aurora & The Betrayers + Sky Beats (otsailak 24, zapatua, 23:00etan, Sanagustinen)
  • Atom Rhumba (martxoak 10, zapatua, 23:00etan, Sanagustinen)
  • La M.O.D.A. (martxoak 24, zapatua, 23:00etan, Sanagustinen)
  • Izaro (maiatzak 4, ostirala, 22:00etan, Sanagustinen)
  • Esto No Es Rock Radical Vasco (1) (maiatzak 5, zapatua, 23:00etan, Sanagustinen)