75 eta 80 urte bitarteko herritarren beharrak ezagutzeko ikerketa egingo dute Udalak eta Baigerak

Uztarria.eus 2018ko urt. 10a, 15:02
Baigerako eta Udaleko ordezkariak eta ikerketa egingo duen teknikaria. (Julene Frantzesena)

Gizarte Zerbitzuekin inolako harremanik ez duten edo 2000. urtetik sail horrekin hartu-emanik izan ez duten 75 eta 80 urte bitarteko herritarrekin osatuko dute ikerketa. Horrenbestez, 486 herritarri egingo diete galdetegia, haiekin hitzordua jarri ostean. Udalak adinekoen beharrei erantzuteko diru partida bat jarri du 2018ko aurrekontuetan, eta ikerketa hau bukatzean erabakiko dute zeren arabera banatuko dituzten diru-laguntzak. Aurki hasiko duten ikerlana iaz egin zuten 80 urtetik gorako herritarren inguruko azterlanaren jarraipena da.

Herriko adineko pertsonen beharrak ezagutzeko lanean jarraitzen dute Udalak eta Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak, eta bide horretan beste urrats bat egingo dute: 75 eta 80 urteko herritarren beharrak ezagutzeko ikerketa egingo dute datozen asteetan hasita. Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, adinekoen bizi baldintzak eta babes soziala bermatu nahi dituzte, Azpeitiko biztanleen %30 direlako 65 urtetik gorakoak, eta horretarako egingo dute azterlana.

Udalaren xedeetako bat da Gizarte Zerbitzuen sailak adinekoei eskaintzen dizkien zerbitzuen eta diru-laguntzen berri ematea 65 urtetik gorako herritarrei. Eta bide horretan hasi ziren lanean iaz; izan ere, 80 urtetik gorako herritarren bizi baldintzei buruzko ikerketa egin zuten orduan. Elduaienek azaldu duenez, orduko hartan, batetik, eskuorriak bidali zizkieten Azpeitian erroldatuta dauden 65 urtetik gorako herritar guztiei; eta, bestetik, salto "kualitatiboa" eman zuten, eta 80 urtez gorako 337 herritar elkarrizketatu zituzten haien berri "lehen eskutik" izateko.

80 urteko langa pasatuta duten herritarren ikerketa eginda, baina, 65 eta 80 urte bitarteko herritarren egoera aztertu nahi dute Udalak eta Baigerak. Dena den, adin tarte horretan 2.149 lagun daude Azpeitian erroldatuta, eta ikerketa egiteko jende kopuru handia denez, bi eragileek erabaki dute 75 eta 80 urte bitarteko herritarren egoera ikertzea. 651 dira adin tarte horretako herritarrak, baina gaur-gaurkoz, horietako asko dira Udaleko Gizarte Zerbitzuekin inolako harremanik ez dutenak. Hori horrela izanik, udalak erabaki du Gizarte Zerbitzuekin inolako harremanik ez duten edo 2000. urtetik sail horrekin hartu-emanik izan ez duten 75 eta 80 urte bitarteko herritarrekin osatzea ikerketa. Elduaienek jakinarazi duenez, 486 dira herritar horiek, eta azterketa egiteko iazko prozesu bera jarraituko dute; hau da, telefonoz deituko diete, hitzordua jarri eta bi udal teknikari joango dira haien etxeetara inkesta egitera.

Galdetegiaren gaineko xehetasunak ere azaldu ditu Elduaienek, eta, aurten egoera sozioekonomikoaren eta etxebizitzaren gaineko galderak egiteaz gain, bakardadeaz ere hitz egingo dute adinekoekin. Izan ere, Elduaienek esan duenez, bakardadearen gaia zenbakiz azaltzea "zaila" bada ere, gaiari "eutsi" nahi diete.

Elduaienek esan duenez, datozen asteetan hasiko dute ikerketa, baina ez dute nahi lana azterketa "hutsa" izaterik. Hark adierazi duenez, udalak diru partida bat sartu du aurrekontuetan, adinekoen egoera aztertu ostean, haien beharrei erantzuteko. "Iazko ikerketarekin egoeraren argazki bat egin genuen, eta aurtengoarekin beste bat lortu nahi dugu, eta argazki horien arabera eskainiko ditugu diru-laguntzak".

Baigera elkarteko Patxi Alzibarrek azaldu duenez, "poliki-poliki" ari dira gaiari eusten eta aurrera egiten. Hark nabarmendu du Baigerak urteetan izan duen kezkari "aurpegia jartzen" ari dela Udala ikerketokin, eta "bidea hau" dela nabarmendu du. "Bidea jorratzearen" garrantziaz ohartarazi du Alzibarrek.