Epaiaren zain gelditu dira "desordena publikoa" eragiteagatik epaitutako Azpeitiko bi bizilagunak

Uztarria.eus 2018ko urt. 9a, 18:09
Auzipetuak Alcala de Henaresko epaitegiaren aurrean. (Topatu.eus)

Epaituen artean dira Amaia Agirretxe azpeitiarra eta Eneritz Arzallus Azpeitian bizi den errezildarra. 50 lagun auzipetu dituzte, 2015eko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen epaiketa batean "desordena publikoa eragitea" egotzita. Epaiketa hartan ikusle moduan ziren lagunek esan dute ez zutela parte hartu akusatuek egindako egitasmoarekin, eta orduko auzipetuek esan dute protesta "sinbolikoa" izan zela. Fiskalak eutsi egin dio auzipetu denentzako bost hilabeteko zigor eskaerari, eta epaiaren zain gelditu dira 50 lagunak.

Gaur hasi da "desordena publikoa" eragitea leporatutako 50 lagunen kontrako epaiketa, Alcala de Henaresko epaitegian (Madril, Espainia). Epaituen artean dira Amaia Agirretxe azpeitiarra eta Eneritz Arzalluz Azpeitian bizi den errezildarra, eta gaur auzitegian izan dira deklaratzen. Auzi saioa 10:00 aldean hasi da, eta ordubeteko epean deklaratu dute akusatu guztiek; 48k epaitegian bertan deklaratu dute eta beste bik bideo bidez, Euskal Herritik.

"Desordena publikoa" eragitea egotzita deklaratu dute 50 auzipetuek, eta fiskalak bosna hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du horientzat. 2015eko maiatzean, Espainiako Auzitegi Nazionalean izandako gertaerak dira oraingo auziaren oinarri. Ernaiko zazpi kide eta Topatu.info atariko kazetari bat epaitu zituzten orduan, terrorismoa goratzea leporatuta, eta auzibide hartako lehen saioan ikusle gisa joan ziren Agirretxe eta Arzallus.

Ahozko saio hartan protesta egin zuen hainbat lagunek Angela Murillo epailaren aurrean; hain zuzen ere, auzipetuek, publikoaren babesarekin, herri harresia irudikatu zuten hiru aste lehenago auzitegi berak zazpi gazte zigortu eta espetxeratzeko agindua eman zienei elkartasuna adierazteko. Epaileak publikoan zeuden lagunen eta auzipetutako zortzi lagunen aurkako diligentziak hasi zituen. Gaur, gertakari hura jazo zenetik ia hiru urtera, hasi dute 50 lagunen aurkako epaiketa.

Urola Kostako Hitzak jakinarazi duenez, auzi saio hartara ikusle gisa joan ziren guztiek gaur auzitegian adierazi dute haiek ez zutela izan orduko auzipetuek egindako protestarekin zerikusirik: zehazki, deklaratu dute ez zutela "aldarrikapena txalotu, ezta oihurik egin ere", eta akusatuek protestarik egin behar zutenik ere ez zekitela. 2013ko Gazte Danbadan terrorismoa goratzeagatik auzipetuta zeuden zortzi lagunek, berriz, protestaren nondik norakoak azaldu dituzte gaurko saioan. Haiek adierazi dute protesta "sinbolikoa" izan zela, Gasteizko herri harresian atxilotu eta kartzelatu zituzten gazteen kontrako auzia "bidegabea" zela salatzeko egin zutela. Era berean, auzipetuek gogoratu dute aldarrikapenak "segundo gutxi batzuk" besterik ez zituela iraun, eta haien asmoa ez zela "desordena publikoa eragitea".

Akusatuez gain, gaur deklaratu dute AVTko kideek eta orduko epaiketa zaintzen aritu ziren poliziek ere. Auzi saioaren bukaeran, defentsak nabarmendu du ezin dela frogatu epaiketara bertaratutako ikusleek akusatuen protestan parte hartu zutenik, eta esan du orduko akusatuek ez zutela "desordena publikoa eragin zuen" egitasmorik egin. Auzipetu guztiak absolbiltzea eskatu du defentsak, baina fiskalak eutsi egin dio auzipetu bakoitzarentzako bost hilabeteko zigor eskaerari. 14:30 aldean bukatu dute epaiketa saioa, eta epaiaren zain geratu dira auzipetuak.

"Epaiketa politikoa"

Gaur epaitu dituzten lagunek oharra kaleratu dute auzi saioa bukatzean, eta haiek auziaren izaera "politikoa" dela nabarmendu dute. "Denborak aurrera egingo ez balu bezala, epaitegietara kateatuta nahi gaituzte, isunek eta espetxe eskaerek itota, hari fin baten gainean kolokan beti... Baina guk argi dugu, bide luze batean jarri nahi dizkiguten harriak dira, elkartasunak eta borrokak merezi dute".

Auzipetuek epaiketaren "zentzugabekeria" salatu dute. "Noren buruan sar daiteke kamiseta batzuk erakusteagatik edo, besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteko epaitegian bertan egoteagatik norbait auzipetzea? Euskal Herria zapaltzeko errepresioa eta epaitegiak erabiltzen dituztenen buruan bakarrik". Auzipetuek azaldu dutenez, "errepresioaren eta mehatxu judizialen gainetik", euskal gazteriak "libre bizitzeko eta borrokatzen jarraitzeko apustua" egiten dutela jakinarazi du.