Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janaria eta motxilak bilduko dituzte

Uztarria.eus 2018ko urt. 9a, 17:44

Larunbatean, 10:00etatik 20:00etara hainbat elikagai eta konpresak jasoko dituzte Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko elkarteko kideek Eroski eta BM supermerkatuetan. Ikastetxeetan datorren astean bildukjo dituzte produktu horiek. Gainera, datorren astean motxilak ere jasoko dituzte ikastetxeetan, GIBen eta Elkargunean.

Bederatzigarren urtez jarraian, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketa egingo dute zapatuan Euskal Herriko hainbat txokotan. Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko elkarteak ere egingo du bilketa Azpeitian. Sanjuandegiko eta Juan XXXIII auzoko Eroski supermerkatuetan nahiz BMn izango dira boluntarioak janaria biltzen, 10:00etatik 20:00etara bitartean. Arroza, makarroiak, lekaleak –lentejak, babak, garbantzuak...–, azukrea, latako atuna eta konpresak jasoko dituzte.

Gainera, datorren astean herriko hiru ikastetxeetan ere egingo dute produktu horien bilketa. Bestalde, azken urteetako gisan, ikastetxeetan, Gazte Informazio Bulegoan nahiz Soreasuko Elkargunean motxilak jasoko dituzte ondoren Saharako errefuxiatuen kanpamendu bateko eskolan banatzeko.