Hasi dute mendeko pertsonen zaintzarako eta arretarako ikastaroa

Uztarria.eus 2018ko urt. 9a, 14:26

Dozena inguru lagunek atzo hasi zuten Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta ematea ikastaroa. Azpeitiko Udalak Lanbideren diru-laguntzen bidez antolatu izan du ikastaroa azken urteetan, baina aurten ez du laguntza hori jaso, eta erakundeak berak antolatu du kurtsoa aurreko edizioek izandako "arrakasta" tarteko. Udalak azaldu duenez, aurreko edizioetan kurtsoa egin duten herritar "ia guztiek" aurkitu dute lana.

Plaza guztiak beteta hasi den ikastaroa ekainaren 30era bitartean izango da, eta arlo teorikoa nahiz praktikoa egingo dituzte parte-hartzaileek. Saioak egin eta gainditzen dituztenek, profesionaltasun ziurtagiria jasoko dute.