Unai Agirre bertsolariak zabalduko du Añotako txotx denboraldia ostiralean

Uztarria.eus 2018ko urt. 9a, 13:43

Añota sagardotegian egingo dute kupelen irekiera ekitaldia, 20:30ean. Jai giroa izango da nagusi Elosiagako sagardotegian, afariaz gain, bertsolariak eta Kupela taldearen erromeria izango baitira. Unai Agirre bertsolariak izango du txotxa zabaltzeko ardura aurtengoan.

Ostiralean jai giroan zabalduko dute Elosiaga auzoko Añota sagardotegiko txotx denboraldia, eta horren ardura Unai Agirre bertsolari hernaniarrak izango du. Hain zuzen ere, Agirrek zabalduko du sagardotegiko lehen upela eta berak emango dio lehen tragoa sagardo berriari. Hernaniarra Barakaldoko BECen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan zen joan zen abenduaren 17an, lehen aldiz. Gainera, Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzailea da Agirre.

20:30ean hasiko da irekiera ekitaldia, eta Agirre ez ezik, bertsolari hainbat izango da bertan irekiera girotzen, hala nola Andoni Egaña, Xebastian Lizaso eta Iñaki Murua. Bertaratzen direnek sagardotegi menuaz gozatu ahal izango dute afalorduan, eta behin sabelak betetakoan, Kupela taldearen erromeria izango da.