Emakumeak korrika egitera animatzeko saioak antolatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2018ko urt. 9a, 11:11

Entrenamenduak astelehenetan eta asteazkenetan egingo dituzte, bi taldetan banatuta: goizekoa eta arratsaldekoa. Izen-emate epea asteazkenean zabalduko dute, eta 20 euro ordaindu beharko da. Aurreneko saioa hilaren 24an, asteazkena, egingo dute. Zalantzak argitzeko bilera informatiboak eskainiko dituzte urtarrilaren 22an.

Hamabigarren urtez, Zuk ere ahal duzu! programa martxan jarri du Udaleko Kirol Sailak emakumeak lasterka egitera animatzeko. Egitasmoak bost asteko iraupena izango du hasiera batean, eta helburua da emakumeei korrika egitearen onurak zein abantailak ezagutaraztea. Horrez gain, parte-hartzaileak taldean aritzeak duen balio erantsiaz jabetzea ere nahi dute programaren sustatzaileek.

Entrenamentuak astelehenetan eta asteazkenetan egingo dituzte, bi txandatan banatuta: goizekoa eta arratsaldekoa. Goizeko txanda, 10:00etatik 11:15era izango da, eta arratsaldeko txanda, berriz, 19:15etik 20:30era. Igerilekutik hasiko dituzte entrenamenduak, eta saio guztiak prestatutako monitoreek gidatuko dituzte. 

Aurreneko entrenamendua urtarrilaren 24an, asteazkena, egingo dute, eta datozenak urtarrilaren 29an eta 31n. Otsailean, berriz, honako data hauetan izango dira saioak: otsailaren 5ean, 7an, 14an, 19an, 26an eta 28an.

14 urtetik gorako herritarrek izena eman daiteke dagoeneko igerilekuan, eta 20 euro ordaindu behar da. Informazio gehiagorako 943-15 00 95 telefonora deitu edo kirolak@azpeitia.eus helbidera idatz daiteke. 

Zalantzak argitzeko bilera informatiboak

Saioak hasi aurretik, parte-hartzaileen zalantzak edo kezkak argitzeko bilera informatiboa eskainiko du Kirol Sailak hilaren 22ean, igerilekuan. Goizeko txanda aukeratzen duten pertsonei zuzendutako bilera 10:00etan izango da, eta arratsaldeko taldean aritzeko izena ematen dutenei zuzendutakoa 19:15ean.