Azpeitiko bi bizilagun, herri harresi bat irudikatzeagatik epaituko dituzten 50 auzipetuen artean

Uztarria.eus 2018ko urt. 8a, 13:59

Bihar hasiko da epaiketa, Alcala de Henaresen, eta bost egun irautea espero dute. "Desordena publikoak" egitea leporatuta, bosna hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Fiskalak auzipetu bakoitzarentzat.

2015. urtean herri harresi bat irudikatzeagatik, 50 lagunen aurkako epaiketa hasiko da bihar, Alcala de Henaresen (Madril), eta Amaia Agirretxe azpeitiarra eta Eneritz Arzalluz Azpeitian bizi den errezildarra dira auzipetuetako bi. "Desordena publikoak" egitea egotzita, bosna hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Fiskalak auzipetu bakoitzarentzat.

2015eko maiatzean, Espainiako Auzitegi Nazionalean Ernaiko zazpi kidek eta Topatu.info atariko kazetari batek terrorismoa goratzea leporatuta, haien kontra egindako epaiketa batean izandako gertaerak dira oraingo auziaren oinarri. Orduan, ahozko saioa hasi baino lehen, protesta egin zuten Angela Murillo epailearen aurrean, eta auzipetuek, publikoaren babesean, herri harresi bat irudikatu zuten, hiru aste lehenago auzitegi berak zazpi gazte zigortu eta espetxeratzeko agindua eman zienei elkartasuna adierazteko asmoz. Agirretxe eta Arzalluz protesta babestu zuen publikoaren artean zeuden, eta epaileak publikoan zeudenen eta epaituen aurkako diligentziak hasi zituen. Ia hiru urtetara hasiko dute haien guztien aurkako epaiketa, eta hilaren 15ean amaitzea aurreikusten dute.

Epaiketaren bezperan, Agirretxek "zentzugabetzat" jo du haien kontrako auzia, eta epaiketa "lekuz kanpo" dagoela adierazi dio Uztarriari. "Epaiketa batean publiko bezala parte hartuz, gure lagunei elkartasuna adierazteagatik 50 lagun akusaziopean deklaratzera joan behar izatea salbuespen egoera bat da", salatu du. Ziurgabetasun egoeran daudela azpimarratu du azpeitiarrak, "ez dakitelako zer gertatuko den". "Zentzuzkoena absoluzioa izango litzateke, baina ez da gure logikaren barruan sartzen halako gertaera bat Madrilen epaitzea. Beraz, ezin genezake aurreikusi zer gertatuko den".