Urrakik eta Mandubiak itxita jarraitzen dute

Uztarria.eus 2018ko urt. 7a, 12:55

Ezustean eta mardul bota zuen atzo elurra Azpeitian eta inguruetan; bazkalondoan hasi eta iluntzea arte etengabe bota zuen toki askotan. Ederki zuritu zituen bazterrak, eta zenbait eragozpen eragin ere bai. Elurrak zailtasunak eragin zituen herriaren bueltako mendateetan eta baita baserri bide askotan ere.

Gehienak konpondu badira ere, Urrakin eta Mandubian errepidea erabat itxita dago oraindik. Atzo arratsetik daude itxita Azpeitia hurrenez hurren Tolosarekin eta Beasainekin lotzen dituzten mendateak, Trafikoa.eus webgunearen gaur goizeko hamarretako azken eguneraketan ikus daitekeenez.

Argindarra, bere onera

Elurtearekin batera etorri ziren atzo iluntzean argindar etenak ere. Joan eta etorri ibili zen argindarra toki askotan, eta beste batzuetan orduak egin dituzte argirik gabe. Igande goizerako, ordea, ia guztiz normaldu da egoera; Aratzerrekan iraun dute denbora luzeena argirik gabe, baina dagoeneko han ere berreskuratu dute indarra. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, Urrestillako Arsuaga baserrian jarraitzen dute oraindik arazoarekin.

(Argazkiak: Leire Larrañaga, Olatz Alltuna eta Uztarria)