Landa guneetan hondakinak ekarpen guneetan utzi beharko dituzte astelehenetik aurrera

Uztarria.eus 2018ko urt. 5a, 17:43
Loiolako ekarpen gunea, edukiontzi berriekin hornituta. (Azpeitiko Udala)

Gaika sailkatuta bota beharko dira hondakinak "ezinbestean". Urtarrilaren bukaera arte irekita izango dira ekarpen guneak. Ondoren, irekitzeko txartelak banatuko ditu Udalak, eta orduan txartelarekin bakarrik ireki ahalko dira gune horiek.

Azpeitiko landa guneetako herritarrak astelehenetik aurrera hasiko dira hondakinak jasotzeko sistema berria praktikan jartzen. Urtarrilaren 8tik aurrera, gaika sailkatuta eta ekarpen guneetan utzi beharko dituzte hondakinak.

"Orain artean auzoetan bilerak egin dira, hezitzaileek etxez etxe bisitak egin dituzte sistemaren berri emanez eta bakoitzak hondakinak zein ekarpen gunetan bota behar ditu zehazteko. Herritarren ekarpenak eta iradokizunak jaso, aztertu eta erantzun zaizkie, eta sistema berrirako behar den materiala ere banatu zaie", azaldu du Udalak.

Gaika sailkatuta bota beharko dira hondakinak "ezinbestean". Urtarrilaren bukaera arte irekita izango dira ekarpen guneak. Ondoren, irekitzeko txartelak banatuko ditu Udalak, eta orduan txartelarekin bakarrik ireki ahalko dira gune horiek.

Herrigunean, Sanjuandegin eta Urrestillan oraindik egungo bilketa sistemarekin jarraituko dute, otsailera arte bai behintzat.

Zalantzak argitu edota informazioa nahi duenak Urola Erdiko Mankomunitatearekin jarri beharko du harremanetan, Enparan kaleko 34. zenbakiko bulegora joanda, 943-857319 telefonora deituta, edota ueue@urolaerdia.eus e-posta helbidera idatzita.