Ignaziotar lurretan barrena

Gipuzkoako Hitza 2018ko urt. 5a, 14:08

Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena batzen dituen Ignaziotar Lurraldea egitasmoak Eden saria jaso du. Ondare multzo askotarikoa biltzen du proiektuak. Gipuzkoako Hitzak egitasmoari buruzko erreportajea egin du.

Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak batzen ditu Ignaziotar Lurraldeak. Turismo sustapenerako eta dinamizaziorako proiektua da, eta Europako lekuen bikaintasuna saritzen duen Eden sarietako bat jasoko du martxoan. Hain zuzen ere, Espainiako saria eskuratu du Ignaziotar Lurraldeak. Kultur turismoa izan da aurtengo sarien ardatza, eta Ignaziotar Lurraldea aukeratu dute bideragarria delako, babes soziala, teknikoa eta politikoa duelako, eta lurrean nahiz haren gainean dauden ondasunetan oinarritutako proposamena delako.

"Kontuan hartu dutena da elkarlanean ordenatu eta antolatu izan ditugula eskualde ezberdinetako baliabide eta guneak, bestela ez zirelako ikusgai egongo", adierazi du Jexux Mujika Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziako turismo arduradunak. Eden sarien bidez, suspertzen ari diren leku turistikoei balioa eman nahi diete, eta herrialde ezberdinek lan sarea sor dezaten du xede, ezagutzak partekatuz.

Eta Hiru Tenpluen Ibilbidea eskualde ezberdinen artean sortutako proiektuen lehen adibideetako bat da. Duela hogei urte jarri zuten abian eskualdeetako garapen agentziek, Gipuzkoako zentro erlijioso eta kultural garrantzitsuenak ezagutarazteko asmoz: Azpeitian, Loiolako santutegia; Oñatin, Arantzazuko santutegia; eta Zumarragan, Antiguako baseliza. Behin ibilbide hori gizartean errotuta zegoenean, egitasmoa zabaldu eta Ignaziotar Lurraldea marka sortu zuten, bisitariak hiru eskualdeetara erakartzeko eta hango ondare sarearen balioa ezagutarazteko. "San Ignazioren figurari eta eta bere garaiari [XVI. mendea] lotutako hiru ondare artistiko, kultural eta historiko; guztia txertatu dugu proiektuan".

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren atarian.