Sammic ISBk etxean Araberrirekin neurtuta agurtuko du lehen itzulia

Uztarria.eus 2018ko urt. 5a, 12:01
Sammic ISBkoak, Ourenseren kontrako partidan. (Iraurgi Saskibaloia)

Igande eguerdian izango da Urrezko LEB ligako euskal derbia Azpeitiko kiroldegian. Zaleak inguratu nahi ditu Iraurgik: bazkide txartel bakarrarekin bi lagunek izango dute sartzea.

Hitzordu garrantzitsu bezain berezia izango du etzi Iraurgi Saskibaloiaren gizonezkoen talde nagusiak Azpeitiko kiroldegian. Garrantzitsua, azkenaldiko bolada txarra eteteko eta ligaren lehen itzulia emaitza onarekin bukatzeko aukera izango duelako; eta berezia, besteak beste, denboraldi honetako Urrezko LEB ligako lehen euskal derbia jokatuko duelako, Saenz Horeca Araberriren kontra.

Iraurgikoak eta Gasteizkoak dira 2017-2018 denboraldian Espainiako saskibaloiaren bigarren mailan ari diren euskal talde bakarrak, eta igandean neurtuko dituzte indarrak lehen aldiz, lehen itzuliaren azken jardunaldian. Sammic Hosteleria ISB sailkapenaren azken hirugarren tokian dago eta hiru porrot pilatu ditu jarraian; azkena, sailkapenean azken bigarrena den Logroñoko Clavijoren kantxan pairatu zuen. Araberrikoak, aldiz, bi partida segidan irabazita iritsiko dira Azpeitira; sailkapenaren erdi aldean daude arabarrak, 9. postuan.

Ezohiko ordutegia

Igandean 12:00etan jokatuko da euskal derbia Azpeitiko kiroldegian. Ezohiko ordutegia da hori, igande arratsaldez jokatu baitituzte orain arteko neurketa guztiak, baina lehen itzuliko azken jardunaldi horretarako ordutegi bateratua ezartzea erabaki dute lehiaketaren arduradunek eta igande eguerdiz jokatuko dituzte partida guztiak.

Berezitasun hori ere izango du, beraz, euskal derbiak; eta neurri bereziak hartu ditu, era berean, Iraurgi Saskibaloiak, zaleak erakartzeko asmoarekin. Horrela, bazkide txartel bakarrarekin bi lagunek izango dute partidarako sarrera lortzeko aukera. Harmailak bete nahi ditu klubak, taldeak zaleen babesa eta berotasuna izan dezan.

Izan ere, indartsu ekin zion Iraurgik —inork espero zezakeena baino indartsuago— Urrezko LEB ligan estreinakoa duen denboraldiari. Aurreneko lau jardunaldietan hiru garaipen eskuratu zituen Lolo Encinasen taldeak. Ligak aurrera egin ahala, ordea, aldez aurretik espero zitekeenaren antzekoagoa ari da izaten Sammic Hosteleriaren ibilia. Maila handiko taldez eta aurrekontu handidun proiektuz betetako ligan, "garbi dagoena da gu baino talde xumeagorik ez dagoela", gogoratu du Jose Luis Zubizarreta Xubi ISBren zuzendari teknikoak. "Bagenekien oso denboraldi gogorra izango zela. Denok izan behar dugu horren jabe. Posible da galtzea, baina ez galtzeko denok egin behar dugu borroka".

Horretan ahaleginduko dira Iraurgikoak etzi ere, Araberri mendean hartzeko.