Aitor Bereziartua: "Sokamutur irteerak urteko momenturik onenak izaten dira"

Gipuzkoako Hitza 2018ko urt. 5a, 10:52

Gutxienez bost mende igaro dira Azpeitian lehenengoz kaleko zezena atera zutenetik; hortaz, ospakizun urtea dute sokamuturzaleek. Datorren astelehenean aurkeztuko dute prestatu duten egitaraua.

Gutxienez 500 urte dira Azpeitian lehenengoz kaleko zezena atera zutela. Behintzat, 1518koa da idatzizko lehen aipamena, Imanol Elias Odriozola historialari zenak herriko Udal Artxibategian topatutakoa. Aurtengoa ospakizun urtea dute, beraz, ohitura horren zaleek. Urteurrenaren harira propio sortutako herri batzordeak hilabeteak daramatza lanean, ahalik eta egitarau txukunena osatzeko helburuarekin. Aitor Bereziartua (Azpeitia, 1990) Zezen Beltz elkarteko kidea da herri batzorde horretako partaideetako bat.

Hasteko, gauza bera al dira kaleko zezena eta sokamuturra?

Hasieran, kaleko zezena deitzen zioten, eta, ustez, sokarik gabe ibiltzen zen, nahiz eta agian izango zuen soka muturren bat edo lepokoren bat edo. Sokamuturra azaltzen den lehen albistea, berriz, 1567koa da. Ordutik, normalean, sokarekin ibili izan dute zezena, baina, tarteka, suelto ere bai. Guk 1518koa hartu dugu erreferentzia historiko gisa.

Hasiera haietatik hona, nola aldatu da sokamuturra?

Bost mende pasatu dira, baina sokamuturraren funtsak lehengo bera izaten jarraitzen du: kalean zezena, haren bueltan jendea eta festa. Oinarri sendodun tradizioa da. Halere, egia da gauza batzuk aldatu direla. Adibidez: lehen, zezenak txikiagoak ziren; lau sokamutil joaten ziren sokan, eta orain bost joaten dira; garai batean ibilbidea motzagoa zen; segurtasunari dagokionez ere orain askoz neurri zorrotzagoak hartzen dira… Baina, azken batean, sokamuturra betikoa da.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.