Irribarreak Azpeititik Nepalera

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 4a, 13:36
Ekain Ibarguren, Ekain Txou pertsonaiaren azalean. (IƱigo Dominguez)

Ekain Txouk eta lagunek elkartasun emanaldia eskainiko dute bihar, 12:00etan, Soreasu antzokian. Child Bright fundazioarentzat izango da sarreretan biltzen duten dirua.

"Pailazo baten lanak jendeari laguntzeko balio dezakeela iruditzen zait", dio Ekain Ibargurenek (Azpeitia, 1996). Ekain Txou pertsonaia antzezten daramatza azken urteak, eta ohiko ikuskizunak eskaintzeaz gain, elkartasun emanaldietan ere parte hartzen du azken boladan. Afrikako biztanleei laguntzea helburu zuen ikuskizun batean parte hartu zuen Azkoitian iaz, eta, horrez gain, bi urtez jarraian Pallasos en Rebeldia taldeak antolatutako emanaldian aritu da Donostiako Aste Nagusian. Oraingo honetan, lehen aldiz, berak antolatu du behar gehien dutenei laguntzea helburu duen emanaldi bat. Bihar ikusi ahal izango da, Azpeitiko Soreasu antzokian, 12:00etan hasita. Bost euro ordaindu beharko da sarrera, eta bildutako dirua Child Bright fundazioarentzat izango da.

Kataluniako Tortell Poltrona pailazo ospetsuaren eredua segitzen du Ibargurenek. Hark sortu zuen Payasos Sin Fronteras erakundea, gatazka eremuetan antzeztea eta irribarreak banatzea helburu duena. "Ikusten dut jendeari laguntzeko berak zer egiten duen, eta badakidanez ni ez naizela bera bezala Afrikara-eta joango, gutxienez hemen egiten dudanak zerbaitetarako balio dezan nahi dut".

Berak antolatutako lehen emanaldian, Child Bright fundazioari laguntzea erabaki du Ibargurenek. Nepalgo etxerik gabeko umeei etxebizitza eta familia bat eskaintzea da fundazioaren helburua. "Erakundeak, zehazki, umezurztegi bateko umeei laguntzeko helburuarekin lan egiten du", azaldu du azpeitiarrak.

Ibargurenen txikitako lagun baten familia erakunde horretako kide da, eta horregatik aukeratu du elkarte hori laguntzea. "Ongintzazko zerbait egin nahi nuen, eta udan ja gaiari bueltaka ari nintzen. Lagun horrek arreba bat dauka Nepaletik ekarria, eta egun batean, bera ikusi eta pentsatu nuen: 'Nepalera bidaliko dugu dirua!'".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.