Iritsi da urte berriko Uztarriaren egutegia

Uztarria.eus 2018ko urt. 4a, 12:26

Irudhitzen lehiaketan parte hartu zuten herritarren irudiekin eta hitzekin osatu du Uztarria Komunikazio Taldeak 2018ko egutegia. Uztarriako bazkideek datozen egunetan jasoko dute beren etxeetan, eta gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute, Sanagustinen eta Uztarriaren erredakzioan.

Uztarria Komunikazio Taldeak 2018ko egutegia kaleratu berri du, Irudhitzen argazkilaritza eta literatura lehiaketak utzitako fruituekin. Uztarriako bazkide direnek etxean jasoko dute egutegia, doan. Gainerako herritarrek, berriz, egutegia erosteko aukera izango dute 5 euroren truke, Sanagustin kulturgunean eta Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1). 

Lehiaketan parte hartu zuten 67 irudietatik epaimahaiak aukeratutako 12 argazki ageri dira egutegian, eta irudi bakoitza testu labur batez lagunduta doa. Testu horiek lehiaketaren idatzizko atalean parte hartu zuten herritarrek idatzitakoak dira; guztira, 40 testu aurkeztu zituzten lehiaketara.

Irudhitzen erakusketa, hil bukaeran

Lehiaketara aurkeztu ziren argazki eta testu guztiekin erakusketa antolatzen ari da Uztarria, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Hala, hilaren amaieran Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako material guztia ikusgai izango da Sanagustinen. Data gerturatzen ari den heinean, izango duzue xehetasun gehiagoren berri uztarria.eus-en.

Azpeitiko Argazki Elkartearekin eta Kultur Mahaiarekin elkarlanean jarri zuen abian Irudhitzen lehiaketa Uztarriak, herritarrak euskarazko edukien sortzaile izateko helburuarekin.