Errege Magoen laguntzaileek gaur jasoko dituzte gutunak

Uztarria.eus 2018ko urt. 4a, 11:53
Ohi bezala, Errege Magoak trenez iritsiko dira herrira, bihar.

Pajeak udaletxeko arkupean egongo dira arratsaldean eskutitzak jasotzen. Bihar, hiru Errege Magoak Lasaotik trenez iritsiko dira Burdinbidearen Euskal Museora, eta 19:00etan kabalkada hasiko dute, igerileku aurrean.

Errege Magoen pajeak Azpeitian izango dira gaur arratsaldean, umeen gutunak jasotzen. Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta, 17:30ean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasarren laguntzaileak udaletxeko arkupera.

Bihar, Errege bezperan, iritsiko dira hiru Errege Magoak Azpeitira. Ohi bezala,17:00etan Lasaora ailegatuko dira, eta hango umeak agurtu ondoren, trena hartuko dute herrigunera. 17:30ean iritsiko dira Burdinbidearen Euskal Museora, trenez, eta han ere ongietorria egingo diete hiru erregeei.

Kabalkada, berriz, 19:00etan hasiko da, igerilekuan. Beste urte batez, ibilbidean zehar herriko gaztetxoak izango dituzte lagun, eta 20:00ak inguruan Plazan Elkartuko dira herritarrekin. Udaletxeko balkoira igoko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, haur eta gaztetxoen eskaerak entzutera.