Eskudero Anaiak enpresa zigortu dute, prezioak hitzartzea eta ibilbideak banatzea egotzita

Uztarria.eus 2018ko urt. 3a, 11:08

Lehiaren Euskal Agintaritzak Gipuzkoako hamazazpi autobus enpresa zigortu ditu, horien artean, Azpeitiko Eskudero Anaiak. 5.446 euroko isuna jarri diote enpresari.

Lehiaren Euskal Agintaritzak Gipuzkoako hamazazpi autobus enpresa zigortu ditu, Berria egunkariak jakitera eman duenez. Gutxienez 1988tik 2005era bitartean prezioak hitzartzea eta ibilbideak banatzea egotzi die erakundeak, “hori betetzen ez zuten enpresa errebeldeei boikota eginez”. Avitrans Gipuzkoako autobus zerbitzuen enpresen elkartea eta haren partaide diren enpresak jo ditu agintaritzak erantzuletzat, eta, denera, milioi bat euroko isuna jarri die. Zerrenda horretan dago Azpeitiko Eskudero Anaiak enpresa –azken urteetan, Ulacia Bidaiak eta Eskudero Anaiak enpresak bat eginda daude, Ulaciaren izenpean–, eta 5.446 euroko isuna jarri diote enpresari. Bi hilabeteko epea dute orain enpresek EAEko Auzitegi Nagusian errekurtsoa jartzeko.

Agintaritzaren arabera, “frogatutzat” eman daiteke autobus enpresek Lehiaren Defentsarako Legearen lehen artikulua urratu dutela. Haren arabera, “nabarmena” da 1980ko hamarkada amaieraz geroztik hitzarmenak egin dituztela elkarteko kideen arteko jokamoldeak “bateratzeko” eta haien arteko harremanak “arautzeko” asmoz. Horren ondorioz, Gipuzkoako autobusen merkatuaren konpententzia murriztu dela dio erakundeak. Hark dioenez, Avitransen barruan hainbat akordio egin dira gutxieneko prezioak zehazteko, eta horrek zerbitzua “garestitzea” ekarri du, erabiltzaileengan “kalteak” eragitea, eta beste enpresa batzuei merkaturatzeko “ateak ixtea”.

Prezioak hitzartzeaz gain, merkatua banatzea ere egotzi die agintaritzak autobus enpresei. Izan ere, enpresa bakoitzak bermatuta zeuzkan bere ibilbidea edota bezeroak eta horri zegokion salneurria, aurrez urteetan emandako zerbitzuaren arabera. Hala, bakoitzak zerbitzu jakin baten “jabetza” zuen nolabait, eta Avitrans bera arduratzen zen hori guztia antolatzeaz. Soilik ibilbide eta zerbitzu berrietan onartzen zuten lehia.