La Mongien hildako herritarraren aldeko hileta ostegunean izango da

Uztarria.eus 2018ko urt. 2a, 18:59

Eskiatzen ari zela haitz batzuen kontra jota hil zen gaztea. Bihar ekarriko dute herrira gaztearen gorpua, eta ostegunean izango da haren aldeko hileta elizkizuna.

Frantziako La Mongien (Pirinioak) eskiatzen ari zela haitz batzuen kontra jo ondoren hildako I. L. 24 urteko azpeitiarraren gorpua bihar herriratuko dute eta ostegunean izango da hileta Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, 19:00etan.

Erreskate taldeek Urtezahar goizean aurkitu zuten hilda gaztea. Abenduaren 30 arratsaldean desagertu zen, La Mongien eskiatzen ari zela. Gaztearen lagunek 15:00 aldean galdu zuten haren arrastoa, eta larrialdi zerbitzuei deitu ostean, helikopteroz aritu zen erreskate taldea azpeitiarraren bila. Ilundu zuenean, 20:00 aldera, baina, utzi egin zioten azpeitiarra bilatzeari, eta Urtezahar goizean ekin zieten berriz ere bilaketa lanei.

EFE berri agentziak jakinarazi duenez, haitz batzuen kontra jo zuen azpeitiarrak, pistatik kanpo eskiatzen ari zela, eta, ondorioz, zerbikalak hautsi zituen.

Azpeitiko Udalak doluminak adierazi dizkie hildakoaren familiakoei eta lagunei. Bestalde, gaztea Txomin Larrañaga sokamutil ohiaren semea da, eta Azpeitiko Sokamuturrak 500 urte (1518-2018) herri batzordeak doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie Larrañagari eta haren sendi osoari “une latz hauetan”. Horrez gain, 500. urteurrenaren ospakizunaz biharko iragarrita zuten egitarauaren aurkezpena atzeratu egin dute, astelehenera.