Aldatzen doan herria

Uztarria.eus 2018ko urt. 2a, 12:57

Sarean ere irakur daiteke dagoeneko abenduko Uztarria herri aldizkaria (hemen, PDF formatuan). Joan den hileko aldizkari horretan datorren erreportajeetako bat da honakoa, demografia portaeren eta Azpeitian horiek duten eraginaren gainekoa.

Biztanleria goraka, jaiotza tasa beheraka eta heriotzena goraka. Azpeitiko azken urteetako errealitatea da hori. Eustaten 2017ko datuen arabera, 14.817 biztanle ditu Azpeitiak. 2016an 134 ume jaio ziren, eta 156 herritar hil. Datu horiek kontuan hartuta, zer ari da gertatzen demografiarekin? Portaera demografiko horiek badute arrazoi jakinik?

Asko dira biztanleriaren beherakada dela-eta kezka agertu duten adituak; beste batzuk gizartea gero eta zaharragoa delako daude kezkatuta; eta beste batzuek jaiotza tasaren beherakadan jarri dute arreta. Gaindegiak kaleratutako datuen arabera, argi dagoena da joera horiek mantendu egingo direla datozen urteetan: Euskal Herriak biztanleria galduko du, euskal gizartea zahartu egingo da eta jaiotza tasak bere horretan segituko du.

Badira, baina, datu horiek "kezkatzekoak ez" direla dioten adituak. Horietako bat da Marta Luxan (Bilbo, 1970) soziologo, demografo eta EHUko irakaslea. Hark dioenez, "aldaketak" izan dira portaera demografikoetan, hala nola adin egituran. "Lehen piramidea deitzen zen horrek beste forma bat du orain". Portaera demografikoek giza portaeretan eragina dute, eta alderantziz ere gertatzen da. "Gerra Zibilaren ostean, adibidez, igo egin zen jaiotza tasa. Portaera demografikoak malguak dira".

Luxanen arabera, biztanleria tasaren gorakadaren arrazoi nagusia migrazioa izan da XXI. mendean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gainera, jaiotza tasa jaistea eta heriotzena haztea "logikoa eta espero beharrekoa" dela uste du. "Adin nagusiko jende gehiago dagoenez, hiltzeko probabilitatea handiagoa da".

Ugalkortasuna jaitsi dela baieztatu du Luxanek, baina argi du konparaketa zerekin egiten den dela gakoa: "1970eko baby boomarekin alderatzen badugu, murriztu egin da ugalkortasuna". Gainera, haurrak izateko adinean atzerapena izan dela dio: "Atzeratu da, baina uste duguna baino gutxiago. XX. mendean jaiotako emakumeek ez zituzten umeak 20 urterekin izaten; 27 urte-edo da batez bestekoa. Atzerapena egon da umeak izateko adinean, baina hori ere baby boomarekin alderatzen dugu. Sasoi hura oso arraroa izan zen; izan ere, emakumeek ez zituzten haur gehiago izan, gertatu zena da belaunaldi desberdinetako emakumeek batera izan zituztela umeak".

Soziologoak adinen birdefinizoa ugalkortasun adinaren atzerapenakin lotu du. "Ez da gauza bera gaur 20 urte izatea, duela 10 urte adin hori izatea edo duela 40 urte. Eta portaera demografikoak horrekin lotuta daude. Jendea nola iristen da orain erretiroa hartzera? Lehen, asko, pott eginda".

Jaiotza tasen adierazlearekin ere zalantza agertu du: "Jaiotza tasak esaten digu zenbat jende jaio den eta zenbat biztanle dauden, ez digu esaten zenbat jende dagoen umeak izateko adinean. Kontua da asko direla orain guraso izateko adinetik ateratzen direnak, eta sartzen ari direnak gutxiago. Horrenbestez, arraroa litzatekeena da jaiotza tasa haztea". Horren harira, soziologoak dio jaiotza kopurua gutxitzeak ez duela esan nahi biztanleria kopuruak jaitsi behar duenik. "Jaiotzen den pertsona bakoitzak bizitza luzeagoa du".

Luxanek dioenez, jendea denbora gehiagoan bizitzea "baikorra" da, osasun egoera onean bizi badira. Haren arabera, aurreratutako gizarteetan pasatzen dira horrelako prozesuak, eta ongizatearekin daude lotuta. ”Pertsonak zahartzea gizarte prozesu bat da, eta horri biziraupenaren demokratizazioa deitzen diogu. Bizi itxaropena luzatu egin da, eta, orokorrean eta batez beste, urte gehiagoz bizitzeko aukera daukagu".

Zahartzaroari lotuta askotan aipatu ohi da dependentzia tasa, eta Luxanek dio hori "faltsukeria" dela. "Dependentzia tasa adinaren arabera kalkulatzen da, baina ez dakigu pertsona bakoitzak zer egiten duen. Hau da, agian, 66 urte dituzu, baina jo eta ke aritzen zara baratzean lanean, bilobak zaintzen dituzu eta zure bigarren etxean bizi da alaba. Orduan, zein da dependentea?". Soziologoak dioenez, enplegatuta egotearekin eta kotizazioarekin du lotura gaiak: "Ekarpena egiteko aukera bakarrak horiek direla dirudi, baina badakigu gizarte honetan bestelako ekarpenak ere beharrezkoak direla; bizirik irauteko behar duzun bakarra ez da dirua".

Kudeaketa da gakoa

Erakundeek erabaki politikoak hartzeko demografian oinarritutako argudioak baliatzen dituztela salatu du Luxanek, baina haren arabera, "gaizki" erabiltzen dituzte. "Erretiro urtearen atzerapenarekin edo pentsio sistemaren balizko hondoratzearekin gezur asko esan dute. Superabitarekin esan zuten pentsio sistema hondoratzen ari zela, pentsa!".

Gizarte zaharragoa izatea arazotzat hartu baino jendarte hori nola kudeatu asmatzea da gakoa soziologoarentzat. Haren aburuz, zaintza lanena da gizartean konpondu gabe dagoen auzietako bat: "Ez dut esango gertatzen ari denak ez duela ondorio gatazkatsurik. Arazoa ez da jendeak bizitza luzeagoa izatea, arazoa kudeaketa da. Askotan ematen du portaera demografikoak ez dakit zeren oinarri direla, baina oinarrian gauzen kudeaketa dago. Izan ere, badakigu gutxi gorabehera zenbat jende izango dugun gure gizartean, hilkortasun tasak nahikoa egonkorrak direlako".

Luxanen ustez, biztanleria ez da arazoa: "Lan egiteko adinean dagoen jendea beharko bagenu, mugak ireki besterik ez dago". Bere ustez, erabakia "politikoa" da. "Atzerritik datozenak gazteak dira eta umeak izaten dituzte, eta horien eragina bikoitza da: biztanleria gaztetu eta jaiotza tasa igotzen dute".

Haren arabera, jaiotza tasaren beherakada ez da kezkatzekoa, eta, gainera, esan du zenbateko horrek bere horretan jarraituko duela "ez ohiko neurriren bat" hartzen ez badute, behintzat. "Datozen 10-20 urtetan zer gertatuko den aurreikus daiteke, eta datorren hori kudeatu eta egokitu behar da. Hau da, zer biztanleria dugun aztertu behar dugu, eta biztanleria horren araberako politikak bultzatu".

Luxanek ez du uste jaiotza tasa sustatzeko politika zehatzak bultzatu behar direnik: "Jendearen bizi baldintzen hobekuntza sustatu behar da. Ume gehiago jaiotzen ez bada ere, jendearen ongizatearen alde egin behar da lan. Pentsatu behar duguna da hemen gaudenok eta etorriko direnek nola kudeatuko dugun gizarte hau dugun biztanleriarekin; izan ere, ditugun baliabideak ez dira gutxi, eta beste herrialde batzuekin konparatuta oso aberatsak gara".

Datuak

Azken hamabost-hogei urteotan asko aldatu dira Azpeitiko, Urola Kostako nahiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria datuak. Jaiotzen eta heriotzen zenbatekoak ere aldatu dira. (Datuen iturria: Eustat)

Biztanleria

Azpeitia. 2002an 13.667 biztanle zituen Azpeitiak; 15 urtera, 2017an, 14.817 ditu. Urteren batean salbu, gora egin du biztanle kopuruak urtero.

Urola Kosta. 2002an 67.023 lagun bizi ziren Urola Kostako herrietan. 2017an, aldiz, 75.611 herritar.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2.085.058 biztanle bizi ziren 2002an. 2017an, berriz, 2.175.819 lagun bizi dira.

Jaiotzak

Azpeitia. 1996tik 2004ra, urtez urte, jaiotza gehiago izan ziren Azpeitian. 2002an, esaterako, 157 herritar jaio ziren. Ordutik, baina, beherantz joan da jaiotza kopurua: iaz, 134 jaiotza izan ziren.

Urola Kosta. 2006tik 2016ra, urtero, behera egin du jaiotza kopuruak. 2006an 796 haur jaio ziren, eta 719 ume 2016an.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. 1994tik 2008ra, gora egin du bizirik jaiotako haurren kopuruak. Aldiz, ordutik hona nabarmena da beheranzko joera. Dena den, 1994an 15.284 ume jaio ziren; eta 18.240 iaz. Beraz, jaiotza kopurua jaitsi bada ere, duela bi hamarkada baino haur gehiago jaio da azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Heriotzak

Azpeitia. Urteren bat salbu, 1996tik 2016ra, gora egin du urtez urteko heriotza kopuruak. 90eko hamarkadaren bigarren erdian heriotza kopuruak ez zuen 116 laguneko langa pasatu; 2005etik aurrera, berriz, zenbateko horren gainetik dago heriotza kopurua. 2016an 156 herritar hil ziren.

Urola Kosta. Salbuespenak badira, baina, oro har, 1975etik 2016ra bitartean, urtero, igo egin da Urola Kostako bizilagunen heriotza kopurua. Hain zuzen ere, 1975ean 380 lagun zendu ziren, eta iaz 722.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Heriotza kopuruak gora egin du, oro har, 1975etik 2016ra bitartean. 1975ean 14.556 lagun hil ziren; 2016an, berriz, 21.223 pertsona.