Ekain Txou eta lagunek elkartasun emanaldia eskainiko dute Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2018ko urt. 2a, 12:57

Urtarrilaren 5ean eskainiko dute gala benefikoa, eta lortutako dirua Nepalgo umeei laguntzen diharduen Child Bright fundazioari emango diote.

Ekain Txou eta lagunek gala benefikoa eskainiko dute ostiralean, hilaren 5ean, Soreasu antzokian. Child Bright fundazioari laguntzeko asmoz eskainiko dute ikuskizuna pailazo azpeitiarrak eta beste hainbat artistek. Hala nola, akrobatak, ekilibristak, magoak eta pailazoak izango dira. 12:00etan hasiko da saioa, eta sarrerak Sanagustin kulturgunean edo www.kulturaz.eus atarian eros daitezke.

Nepalgo etxerik gabeko umeei etxebizitza eta familia bat eskaintzea da fundazioaren helburua, haien garapenean eta gizarte integrazioan ahalik eta baliabide fisiko, psikiko eta afektibo gehien eskaintzeko asmoz. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta fundazioan lan egiten duten guztiak boluntarioak dira. Umeen bizi baldintzak hobetzeko eta haien garapenean laguntzeko proiektu eta ekintza desberdinak antolatzen dituzte, “maitasuna eta segurtasuna ere eskubideak direlako”, antolatzaileen esanetan.