Joxean Etxeberria nagusitu da Xabier Zalduaren aurkako apustuan

Uztarria.eus 2017ko abe. 30a, 18:20

Joxean Etxeberria zigarrak eta Xabier Zaldua zumarragarrak gaur jokatu dute aizkora eta korrika uztartutako apustua Azpeitiko zezen plazan. Aise nagusitu da Etxeberria, erronka hitzartzerakoan ezarritako abantaila tarteko; izan ere, Zalduak hamar kanaerdiko ebaki eta hamar kilometro korrika egin behar zituen; aldiz, Etxeberriak hamar kanaerdiko ebaki eta 8,6 kilometro lasterka. Korrika 1,4 kilometro gutxiago egitea hitzartu izanak eragina izan du azken erabakian, 5 minutu eta 12 segundo gutxiagoan bukatu baitu proba Etxeberriak. Hain zuzen ere, lan guztiak egiteko ordubete, 7 minutu eta 42 segundo behar izan ditu. Zalduak, berriz, ordubete, 12 minutu eta 54 segundotan egin du erronka.

Aizkorako lanetan aurretik ibili da Etxeberria, eta lehendik zuen abantaila handitzea lortu du. Hamar kanaerdiko enborrak ebakitzeko Zalduak baino minutu bat eta 39 segundo gutxiago behar izan ditu. Korrika 14 buelta gutxiago eman behar zizkion zezen plazari, eta errentari eustea lortu du Etxeberriak, nahiz eta bi aizkolariek sufritu duten lasterkako zatian. Jokoan zeuden 6.000 eurokoak, beraz, Joxean Etxeberria zigarrarentzat izan dira.

Hona hemen gaur eguerdiko zezen plazako hainbat irudi: