Dagoeneko 560 lagunek eman dute izena San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2017-12-28 17:14

Bihar izango da lasterketa nagusirako izena Kirolprobak.com webgunean emateko azken eguna. Dena den, hilaren 30ean eta probaren egunean ere eman ahalko da izena. Lasterketa nagusian parte hartu ahal izango dute 2004az baino lehen jaiotako lagunek. Gainerakoek, hau da 2004az geroztik jaiotakoek, lasterketa irekian irten ahal izango dute, eta ez dago probra horretarako izena eman beharrik.

Iazko San Silbestre probako irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iristear da urteko azken eguna eta horrekin batera XVII. San Silbestre lasterketa, eta dagoeneko 560 lagunek erabaki dute urteari bukaera korrika ematea. Lasterketa nagusirako Internet bidez eman dute izena pertsona horiek guztiek, eta bihar izango da izena Kirolprobak.com webgunean emateko azken eguna. Dena den, zapatuan, hilaren 30ean, ere eman ahal izango da izena. Izan ere, Xeye taldeko kideak Azoka Plazan izango dira 17:00etatik 20:00etara. Eta probaren egunean ere izango da izena emateko aukera, 09:00etatik 11:30era. Bi egun horietan 15 euro ordaindu beharko da dortsala, eta izena ematen dutenei elastiko bana ere emango diete.

Lasterketa nagusian parte hartu ahal izango dute 2004az baino lehen jaiotako lagunek. Gainerakoek, hau da 2004az geroztik jaiotakoek, lasterketa irekian irten ahal izango dute. Xeye atletismo taldeak lasterketa irekiaren garrantzia azpimarratu du, inklusibitatearen aldeko 600 metroko proba izango delako. Proba horretan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik, eta ez da sailkapenik izango.

Aurten berrikuntzekin dator San Silbestre proba, eta, besteak beste, ez da patinatzaileen eta eskolartekoen lasterketarik izango.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa