'San Inazioren martxa' joko dute danbor taldeek San Sebastian bezperan plazan

Uztarria.eus 2017ko abe. 28a, 13:33
Aurtengo helduen danborradako irudia.

Danbor talde guztiak plazan elkartzen direnean eta gauerdiak jotzen duenean, San Sebastian martxaren ordez San Inazioren martxa joko dute. Aldaketa egitea erabaki dute Ignaziotar Lurraldeak Europako EDEN sarietako bat jaso duelako. Abestiak "zailtasunak" dituelako, entsegu bat gehiago egingo dute sansebastianen atarian.

Izango da berrikuntzarik 2018ko San Sebastian jaietan, eta horietako bat San Sebastian bezperako helduen danborradan izango da. Hain zuzen ere, danbor talde guztiak plazan elkartzen direnean eta gauerdiak jotzen duenean, San Sebastian martxaren ordez San Inazioren martxa joko dute.

Aldaketa hori egitea erabaki dute danbor taldeek, Festa Batzordeak eta Udal Musika Bandak, Ignaziotar Lurraldeak Europako EDEN sarietako bat jaso duelako. Abestiaren danborradarako moldaketak egiten hasi da dagoeneko Unai Frantzesena Udal Musika Bandaren zuzendaria, eta hark jakinarazi duenez, "zailtasun" batzuk baditu abestiak, danborrek eta upelek aparte joko dutelako abesti osoa. Hori dela eta, entsegu bat gehiago egingo dute San Sebastian jaien atarian.

Danbor-jotzaileak eta taldeetako zuzendariak abestia ezagutzen eta barneratzen has daitezen kaleko bozgorailuetan jarriko dute abestia asteburuetan, Erregeak pasatu ostean.