Herriko saltokietan gastatzeko 500 euroko hiru txartel zozkatuko dituzte Errege Zozketan

Uztarria.eus 2017ko abe. 28a, 12:33

Urtarrilaren 5a bitartean Errege Zozketan parte hartzeko zenbakiak banatuko dituzte Azpeitiko hainbat saltokitan. Azpeitiko Udalaren ekimenez, 500 euroko hiru erosketa txartel zozkatuko dituzte egunotan herriko saltokietan erosten duten herritarren artean. Zozketa urtarrilaren 5ean egingo dute, Erregeen iritsierarekin batera.

Hiru zenbaki sarituko dituzte, eta bakoitzak Azpeitiko dendetan gastatzeko 500 euroko erosketa txartel bana jasoko du. Irabazleek urtarrilaren 31ra arte izango dute Udalarekin nahiz Bertan merkatari elkartearekin harremanetan jartzeko; data horretarako saridunik agertzen ez bada, ordezko zenbakien txanda izango da.

Agustin Lizarralde Merkataritza eta Ekonomia zinegotziak azaldu duenez, herriko merkataritza "sustatzeko" egin dute zozketa. "Gabon garaian ere bertan erosteko eta bertako merkataritza bultzatzeko gure aletxoa jarri nahi dugu", esan du.