San Martin egoitza "eredu" dela azpimarratu du Eneko Etxeberriak

Uztarria.eus 2017ko abe. 26a, 17:04

San Martin egoitzako bizilagunen familiekin urteko errepasoa egin dute, ohi bezala. Eneko Etxeberria San Martin fundazioko lehendakariak egoitza "eskaintzen duen zerbitzuagatik eredu" dela nabarmendu du.

Ohi bezala, San Martin egoitzako bizilagunen familiekin urteko errepasoa egin dute, urtea bukatzerako. Eneko Etxeberria alkatea da San Martin fundazioko lehendakaria, eta urteroko zita horretan parte hartu du aurtengoan ere. San Martin egoitzak bokazio publikoa du eta "urtez urte bertan bizi direnen bizi kalitatea hobetzeko eta egoiliarrei zein familiei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko ahalegina" egiten du. Bide horretan, "eskaintzen duen zerbitzuagatik eredu" dela azpìmarratu du Etxeberriak.

Duela zenbait urte egoitza handitzeko egin zituzten lanak direla eta, gaur egun inbertsio horri "buelta ematen" ari da fundazioa. Kalitatezko zerbitzua eskaintzea da beren helburua, eta, horretarako, langileen kontratazio zuzena egiten dute.  Etxeberriak familiei esker onak eman dizkie: "Konplikatua izaten da askotan familiakoak egoitzara ekartzea, eta horrelako egoera batean gurekin konfiantza izateagatik eskertu nahi zaituztet", adierazi du. Urteko balorazioaren amaieran, familiak beren ekarpenak egitera animatu ditu Etxeberriak.