Xabier Arrieta: "5 urterekin hasi nintzen etxean kuboak jotzen, eta hortik dator nire afizioa"

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 22a, 17:40
Xabier Arrieta. (Eider Iturriaga)

Duela hilabete hasi zen musikari azkoitiarra Bultz taldean bateria jotzen. Bihar emango du aurreneko kontzertu "ofiziala", Azpeitiko Gaztetxean, 22:30etik aurrera. "Feeling ona" sentitzen duela dio.

Batean eta bestean, "hamar mila proiektutan" dabil Xabier Arrieta (Azkoitia, 1994). Passepartout taldeko kidea da, tarteka Seiurte taldearekin kolaboratzen du, eta duela hilabete, Bultz taldean bateria jotzen hasi zen. "Saltsa denetan ibiltzen naiz ni", dio barre artean. Bi kontzertu labur eman ditu Bultzekin, baina bihar Azpeitian emango duena izango da aurreneko luzea. Urrian atera zuen Bultzek Erraiak diskoa, eta bira abiatuko dute biharko emanaldiarekin, The Friday’s Crew taldearekin batera.

Durango eta Abadiño artean sortutako taldea da Bultz. Nolatan dago azkoitiar bat tartean?

Bultzeko bateriak lagatzea erabaki zuen, eta niri deitu zidaten. Aurrez bazuten nire berri, bateria jotzen nuela eta... Egun bat pentsatzeko emateko esan nien,  eta aukera ona zenez, baietz esan nuen.

2016ko apirilean sortu zen Bultz, aurrez beste hainbat taldetan aritutako jendearekin: Kruders, Iheskide, Pixontxis… Zu duela gutxi batu zara taldera. Zerekin egin duzu topo?

Dena emateko prest dagoen jendearekin. Musika asko bizitzen dute, kontzertuak emateko gogo handia dute... Gauzak ondo egiten dituzte. [Xabier Gallastegi] Xagu, adibidez, Iheskiden aritutakoa da, eta badaki gauzak nola egin behar diren, zein bidetatik  joan... Berak dezente kontrolatzen ditu horrelako gauzak, eta aldea da horrelako bat edukitzea taldean. Esperientzia handia duen musikaria da.

Hilabete eskas daramazu taldean. Ondo egokitu zara?

Bai, bai, gustura nago. Egia esan, hasieran agenda berregituratu beharra eduki nuen, ze beste pare bat taldetan ere banabil eta... Dena den, ja martxa hartuta gaude, eta gogotsu nago kontzertuak emateko. Kontzertu dezente ditugu lotuta, eta alde horretatik oso pozik nago.

Rock errebeldea egiten duzuela diozue zuen webgunean. Nola azalduko zenuke zer den hori?

[Barreak]. Azkenean, punk rocka da. Punk rock amerikarraren eraginak ditu Bultzek, Social Distortion eta antzeko taldeenak.

Irakurri elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean.