Etxez etxeko laguntzan murrizketarik ez!

Baigera, Duintasuna, ELA, LAB, Gipuzkoako EHNE, Elkar-ekin, EH Bildu eta Azpeitiko etxez etxeko langileak | Iritzia | Artikulua
2017-12-20 16:31

Etxez etxeko laguntzan Gipuzkoako Foru Aldundiak murrizketak egin dituela salatu dute gutun bidez Baigera Azpeitiko jubilatuen elkarteak, Duintasuna Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak, ELAk, LABek eta Gipuzkoako EHNE sindikatuak, Elkar-ekin elkarteak, EH Bilduk eta Azpeitiko etxez etxeko langileek.

1.- Etxez etxeko laguntza zerbitzua, zerbitzu publiko eta soziala da, integrala eta baliotsua, prebentzioa, asistentzia eta errehabilitazio prozesuak bideratzen dituena. Eta Azpeitiko Udalaren etxez etxeko eguneroko laguntza zerbitzua, bizitzarako oinarrizko jarduerak egiteko arazoak dituzten pertsonekin eta haien bizikideekin pentsatuta dago, ahal den bitartean norbere etxean bizitzen laguntzeko.

Zerbitzuaren helburuak honako hauek dira:

  • Onuradunaren bizi-kalitatea hobetzea.
  • Bere zaintzan eta autonomian laguntzea.
  • Garapen pertsonala eta gizarte harremanak indartzea.

Udalaren etxez etxeko zerbitzua ikuspegi estrategiko batetik oinarrizko zerbitzu publikoa da, eguneko zentroa eta egoitzarekin batera. Zerbitzu horrek eskaintzen dituen onurak kontuan hartu behar dira.

2.- Gipuzkoako Foru Aldundia azken urteetan zerbitzu horri ematen ari zaion bilakaera salatu nahi dugu. Horren adierazlerik garbiena Dependentzia Legea da. Prebentzioa edo autonomia lantzea alde batera utzi eta zerbitzu asistentzial huts bihurtu du zerbitzua, eta, gainera, orduz hustu du. Zerbitzuaren edukiak eta eduki bakoitzaren intentsitateak murrizten ari dira, zerbitzu publikoa kolokan jarri eta pribatizazioari ateak irekiz.

3.- Zerbitzu honetan lanean ari diren langileek lan baldintzak duinak eduki behar dituzte, zerbitzu integrala eta kalitatezkoa emateko helburuak betetzeko eta lanaren prekarietatearekin amaitzeko: lan-hitzarmen propioa izatea , soldata duinak izatea (1.200 euro gutxienez), gutxieneko ordu kopurua bermatzea edo disponibilitatea mugatzea beharrezkoak dira, besteak beste. Azpeitian 23 langile ari dira zerbitzu hori ematen, eta hilean 90 pertsonatik gora dira zerbitzua jasotzen dutenak.

4.- Zerbitzuaren kudeatzeaz udalak arduratzen dira eta Kartera Dekretu berriaren ondorioz, finantzaketa ere udalen gain gelditu da (orain arte, Aldundia arduratzen zen finantzaketaz); aldaketa horrek ezin dio eragin zerbitzuaren kalitateari. Finantzaketa bermatua egotea ezinbestekoa da zerbitzuaren kalitaterako. Beraz, trantsizio fase honetan udalek finantzaketa arazoak badituzte, baliabide faltagatik, instituzioen arteko elkartasunak eta kudeaketak nola-hala zerbitzuaren kalitatea eta zerbitzua ez murriztea bermatu beharko du.

5.- Salatu behar dugu, Gizarte Zerbitzuen alorrean Gipuzkoako Foru Aldundiak agintaldi honetan egiten duen enegarren murrizketa dela etxez etxeko laguntza zerbitzuak jasango duen hau. Bestalde, kontuan hartu behar dugu, zaintzaz arduratzen diren langileen egonezina beraien lanpostuen ziurtasun faltagatik.

Aldundiak etengabe aipatzen du gure adinekoen zainketa oso garrantzitsua dela, baina gero ez du beharrezko konpromisorik erakusten herritarren ongizatea zabaltzen jarraitzeko, eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantziazioarekin egin dutena da horren isla garbia.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa