Ederti dekorazio dendak irabazi du VI. Erakusleiho Lehiaketa

Uztarria.eus 2017ko abe. 20a, 17:11

Gaur eguerdian banatu dituzte Udalak eta Bertanek Gabonetako VI. Erakusleiho Lehiaketako sariak. Ederti dekorazio dendak irabazi du lehen saria, eta, horrenbestez, 600 euro jasoko dituzte haren jabeek. Bigarren saria, berriz, Sugoi Delicatessen dendak eskuratu du, eta 400 euroko diru saria irabazi dute saltokiko kideek. Hirugarren saria, berriz, Geu gizonen arropa dendak irabazi du (200 euro).

Bertaneko kide batek, udal ordezkari batek eta bi adituk osatu dute epaimahaia, eta honako ezaugarri hauek hartu dituzte kontuan erabakia hartzerakoan: konposizioa; modernitatea, berrikuntza, sormena eta originaltasuna; produktuen eta zerbitzuen integrazioa; argiztapena; eta koloreen konbinazioa.

Aurtengo edizioan 27 saltokik parte hartu dute lehiaketan, eta egitasmoaren antolatzaileak "gustura" agertu dira erantzunarekin. "Herritarrak erosketak bertako dendetan egitera animatzeko horrelako egitasmo txiki baina interesgarriak antolatzeko konpromisoa dugu", azaldu du Agustin Lizarralde Merkataritza eta Ekonomia zinegotziak. Hark eskerrak eman dizkie erakusleihoak "mimoz eta ilusioz" apaindu dituzten merkatari guztiei.