Iberdrolaren izenean iruzur egiten saiatzen ari dira

Uztarria.eus 2017ko abe. 20a, 17:08

Kontsumo bulegoak jakinarazi duenez, saltzaile batzuk etxez etxe dabiltza: Iberdrolaren izenean datozela esaten dute, eta gasa eta argiaren fakturak erakusteko eskatzen dute, baina ez da egia; beste enpresa bateko langileak dira.

Azpeitia eta Azkoitia inguruan, saltzaile batzuk etxez etxe dabiltza, iruzur egiteko asmoarekin, kontsumo bulegoak jakinarazi duenez. Iberdrolaren izenean datozela esaten dute, eta gasa eta argiaren fakturak erakusteko eskatzen dute, baina ez da egia: beste enpresa bateko langileak dira. Fakturaz aparte, bankuko azken lau zenbakiak eskatzen dituzte, eta baita NANa ere. “Gainera, beraiek oraindik etxean daudela telefonoz deitzen dizute esanez zein izango diren ordutik aurrera aplikatuko zaizkizun baldintzak fakturan, baina ez dute adierazten enpresaz aldatzen ari zaizkizula. Kasu batzuetan ez dute inolako dokumentaziorik uzten, beraz, adi egon, eta ez erakutsi inori gasaren edo argindarraren fakturarik, eta batik bat ez eman inori ere bankuko datuak”, azaldu dute. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsumo bulegoarekin harremanetan jartzea da egokiena, 943-15 71 93 telefonoan astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, eta 943-85 73 05 telefonoan astearteetan eta ostegunetan.